Parte hartu Sagardo Egunez, NOAUA!kideen 20. urtemugako argazkian

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 18a, 11:25

Ondoko argazkikoak, ezagutzen dituzue? Ziur baietz, herritarrak baititugu. Duela 20 urte ateratakoa da. Begiratu ondo, denek daramate pegatina bana. Batzuk eskutan aldizkari bat ere bai. Irudia Potxoenea eta Eliza ondoko plazatxoan aterata dago. Ez zen ohiko eguna,  erreparatu bestela hainbat lagunek soinean daramatzaten jantziei.

1996ko Sagardo Eguna zen. Erditzear zen proiektu berri baterako prestaketa betean zen udalerri hau. Eta igande honetan, bi hamarkada beranduago, irudia berritzera goaz zuekin guztiokin. 20 urte bete ditu eta NOAUA! Kultur Elkarteak. Eta esandakoa, gerturatu, igande goizeko 11:00etan Potxoeneatik Kale Nagusira bidean dagoen Askatasuna ondoko plazatxora. Kultur elkarte honen historiarako argazki berri bat atera nahi dugu, egitasmo hau aurrera ateratzea ahalbidetu duzuen kide guztiokin. Eta gero denok frontoira. Sagardo Eguneko antolatzaileei esker, NOAUA! K.E.-k izango baitu, aurtengo jaialdia abiatzeko ohorea. Goizeko ospakizunak halere, 10:30etan hasiko ditugu; Remigio Mendibuk landutako Udarregi bertsolariaren omeneko eskulturak 50 urte bete dituela eta, eskultura ondoan ospatuko den oroitze ekitaldiarekin.

Auzolanean abiaturiko proiektua

Boligrafo eta paperak hartu eta kalera irteteko bere burua eskaini zutenen artean zen. Urduri baina ilusioz betea. 1996ko maiatzeko aste amaiera bat zen. Ez edozein igande, usurbildarren urteko jai egun estimatuena baitzen. Sagardo Egunaren hamabosgarren edizioa ospatzen ari zen herria. Usurbildar hainbat sagardoa zerbitzatzen, jendetza edari preziatuaren zaporea dastatzen. Eta jendarte multzo zabalean, zenbait lagun, erditzear zen proiektu berri baterako bazkideak biltzen. Tartean, ondoko irudian duzuen Ainhoa Azpiroz herritarra.

Urte hartako herriko jaietan etxeko postontzietan jasotzen hasiko ginen hamaboskari berria bazetorrela, egitasmoa aurkezten eta hura sostengatzeko abian zen bazkidetza kanpainarako laguntza biltzen aritu zen Azpiroz eta taldetxo bat. 20 urte betetzen dituen NOAUA! jendarteratzen aritu ziren egun hartan. Bazkide egin nahi zutenen datuak jasotzen eta pegatinak banatzen.

Ikusmina bazela antzeman zuten. Kalean eginiko lanketa haren ostean, eguerdi hartan bertan, proiektu hau hasieratik babestu eta lagundu duen Usurbilgo Udalean bildu ziren lortutako bazkidetzak kontatzeko. Ezbairik gabe, balantze positiboa. “Gure enbidoari erantzunez, dezentek erabaki zuten bazkide egitea. Jendeak oso ondo erantzun zuen eta horrek are eta gehiago animatu gintuen”, oroitzen du Azpirozek.

Proiektu ireki eta euskalduna

Goiz hartan atera zuten, gainera, Potxoenea inguruan, maiatzaren 22an berritu nahi dugun NOAUA!kideen lehen argazkia. Bera ageri da erretratu hartan. Argazki hura eskutan, asteotan lagun gehiagorekin egingo dugun moduan, NOAUA! izeneko proiektu berri haren hastapenei buruz dituen oroitzapenak partekatzeko tartea hartu du Ainhoak.

Hitz egiten hasi ahala datozkio burura duela 20 urteko hainbat bizipen.  Esaterako, aldizkariaren izena hautatzeko, tabernetan zerrendak jarri eta nola bildu ziren jendeak idatzitako proposamenak eta nola aukeratu zen haietatik “Noaua!” izena. Edota proiektu berriak izango zituen ezaugarriak; besteak beste, iraunkorra eta profesionala izan behar zuela, hamabostean behin argitaratuko zela, osorik euskaraz, jende askotarikoa bilduko zuen proiektu ireki eta zabala izango zela, parte-hartzailea, auzoak presente izango zituena, edota etxe guztietako postontzietan banatuko zutela. Beste udalerri batzuetan formula desberdinak baliatu zituzten arren, Usurbilen argi zuten, Ainhoak gogorarazi digunez, NOAUA! “herri osora zabaldu behar zen, kobratu gabe”.

Mugimendu geldiezina, Correoseko egoitzan

Herritik herriarentzat lan egin nahi zutela azpimarratzen du Ainhoak, herria konprometituz eta inplikatuz, egitasmo honetara lotuz; herritarrak bazkide eginez, komertzioak publizitatea jartzera gonbidatuz, edota herriko talde eta elkarteekin hitzarmenak sinatuz.

Duela 20 urte, ez zen Whatsapp, Internet, sare sozial eta emailik. Plazan egiten ziren harremanak, eta NOAUA!ren Kale Nagusiko egoitzan, garai bateko Correosen. “Auzoetako kronistek eskuz idatzita ekartzen ziguten testua. Edo bestela, egoitzan bertan kontatzen ziguten istorioa edo kronikan argitaratu nahi zutena. Guk grabatu egiten genuen eta gero idatzi”. Bertan zuten postontzian, “beti begiratu behar genuen, beti zegoen zerbait”. Mugimendu handia izaten zen barruan. Noiznahi izaten zituzten gaiak proposatu edo zorion agurrerako argazkiekin zetozen herritarren bisitak. Kazetariak, argazkilariak, publizitatea kontratatzen zutenak, diseinatzen zutenak, zuzentzaileak, maketatzaileak, kontabilitateaz edota bazkidetza sustatzeaz arduratzen zirenak, banatzaileak, kronista bihurtu ziren auzoetako bizilagunak... “Mahaiaren bueltan jende pila bat biltzen ginen”, oroitzen du.

Ez zuten egungo baliabide eta teknologia berririk. Txandaka baliatu behar izaten zuten ordenagailu handi bat. Beste bat, txikiagoa, kontabilitatea kudeatzen zutenentzat. Eskuz moldatu behar bestela. Eta askotan presaren presaz. Aldizkaria inprentara heltzeko unea gerturatzen zihoan neurrian, ezin iritsi ibiltzen ziren sarritan. “Ordu txikiak arte, eta erlojuz kontra aritzen ginen lanean. Gure amek esaten zuten, hauek hor osasuna utziko dute”, dio Ainhoak irribarre artean.

Aldizkaria ia prest izaten bazuten ere, inprentara bidali aurreko azken orduetan beti “izaten zen zerbait”. Askotan argazkiren baten falta. Eta lanak ematen zizkien. “Hasieran argazkiak eskuz errebelatzen genituen”. Gerora, Lasarteko Etxarri argazki dendara joan-etorri ugari egin behar izaten zuten. “Lasartera joan, argazki roiloa utzi, Usurbila itzuli, ordubete pasa eta berriro Lasartera argazki bila. Gero, aukeratu eta eskaneatu egin behar ziren. Ze erraza eta azkarra den orain argazki digitalekin!”.

“NOAUA!kide sentitzeko” hitzordua

NOAUA!ko lehen kazetari taldeko kidea izan zen Ainhoa. Gero publizitate sailean jardun zuen. Urte askoz aritu da gerora, kolaboratzaile gisa. 20 urte pasa diren arren, ederki oroitzen du oraindik garai hartan zegoen urduritasun eta ilusioa. “Baina batez ere, gogoan dut, jende askok isilpean, tarte librean borondate osoz egin zuen lan itzela”.

Ainhoak bizi izandako Sagardo Egun hartatik 20 urte igaro dira. Egun hartan NOAUA!rekin bat egin zutenak, baita bi hamarkadotan laguntza eta babesa adierazi duten lagun guztiak biltzeko aitzakia bikaina izango da maiatzaren 22an, goizeko 11:00etan Potxoenea ondoan. Talde argazkirako jarri dugun hitzorduan. “NOAUA!kide sentitzeko eta beste kide batzuekin elkartzeko hitzordu ederra” Ainhoa Azpirozen esanetan. Sagardo Eguneko ospakizunetan murgildu aurretik animatu guztiok beraz. Hitzordua duzue Potxoenea ondoan.