Maiatzaren 29ko giza-katerako 600 usurbildarren atxikimendu biltzeko erronka

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 18a, 16:59

Osasunaren alde eta erraustegiaren aurka, maiatzaren 29an Donostiako Onkologikoa Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitzarekin lotuko duen giza-katerako atxikimenduak ugaritzen doaz. Eta nola gainera. Gutxienez 400 usurbildar behar ziren udalerri honi zegokion giza-kate zatia osatzeko. Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldetik aurreko astean berri eman zutenez, atxikimendu kopuru horretara heltzear ziren. Azken asteburuaren ostean, lortu dute; jada gutxienez, 400 herritarrek baieztatu dute, maiatzaren 29rako antolatua dagoen mobilizazioan parte hartzeko prest daudela. Baina ahalik eta babes zabalena lortu nahi da; eta erronka berri bat finkatu dute orain; "600 baietz!" diote. 600 atxikimendu batu nahi dituzte.

Giza-katean parte hartzeko izena eman ez baduzue, gerturatu, erraustegiaren aurkako taldeak asteburuan Sutegi ondoan jarriko duen mahaira eta eskuratu zuen konpromiso txartela. "Hartu zurea azkar!", luzatu dute gonbita, Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldetik. Gogoan izan bestalde, astelehenetik ostiralera, NOAUA! K.E.-ko egoitzan ere lortu ditzakezuela txartelak. Eta noiznahi, erraustuez.org atarian sartuta.

Azken metroetan

9 gune lotuko ditu 5 kilometro luze izango dituen maiatzaren 29ko giza-kateak. Gune eta gune artean, Gipuzkoako udalerri eta eskualde ezberdinetako herritarrak kokatuko dira. Usurbildarrok adi; Londres Hotela eta Gipuzkoa plaza artean kokatu beharko zarete. Londres Hotela eta Bulebarreko kioskoaren artean astigartarrekin batera. Bulebarreko kioskoa eta Aldundiko egoitza atari aurrea lotuko dituen giza-kate zatia, usurbildar eta zubietarren eremua izango da.

GuraSOS-en manifestua

Erraustegiari lotutako beste deialdia ere gogoan izan; maiatzaren 7an Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean aurkeztu zuten  GuraSOS mugimenduaren manifestua sinatu dezakezue gurasos.org atarian sartuta. 2.317 atxikimendu bilduak zituen jada asteazken goiz honetarako.

Erraustegiaren aurkako agenda

Maiatzak 20, ostirala

18:00 Erraustegiak osasunerako dituen arriskuez ohartarazteko jardunaldia Potxoenean: minbizia izan duten Usurbilgo bi lagunen lekukotzak. Eremu honetatik erraustegiaren aurka egiten ari diren lanketa aurkeztu eta bertaratuko direnen ekarpenak bildu nahi dituzte. Saio irekia interesdun ororentzat, baina bereziki minbizia izan edota dutenei, senideei edota osasun alorreko profesionalei zuzendua.

19:00etan hasita, maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea Usurbilgo Sutegi ondoko mahaian.

Maiatzak 21, larunbata

AHT eta proiektu txikitzaileen aurkako Txirrinka

11:00 Anbulategiko aparkalekura gerturatu Txirrinkan parte hartu nahi duzuen guztiak. Deialdi irekia!

11:50 Urbileko gasolindegi ondoko bidegorria hasten/amaitzen den lekuan, usurbildarrok ongietorria emango diogu Txirrinkari.

12:00 Txirrinkari ongietorria emateko Zubietako plazara bizikletekin gerturatzeko deia egiten diegu zubietarrei. Bertan, erraustegiaren auzia salatzeko flashmoba dantzatuko dugu!

Ondoren geldialdia, hitz batzuk eta hamaiketakoa egiteko aukera.

12:30 Lasartearrak Txirrinkara batuko dira Zubietan, eta Lasarte-Orian EuskoTreneko errotondan erreleboa pasako diegu.

Ondoren, Hernanira abiatuko dira.

Oharra: kaskoa eramatea beharrezkoa da.

Informazio gehiago: ahttxirrinka2016.blogspot.com.es

Antolatzaileak: Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldea eta Zubieta Lantzen Erraustegiaren Aurkako Taldea.

11:30 Hitzaldia Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean: Valdemingomezeko (Madril) erraustegiaren aurka, gaixo talde batek aurkeztu eta tramitera onartu duten salaketaren harira, hango bizipenen berri emango dute, salaketa aurkeztu duen lagunetako batek eta taldeko bozeramaileak.

12:30tik aurrera, maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea Usurbilgo Sutegi ondoko mahaian.

16:00 GuraSOS mugimenduak antolaturiko dibulgazio ekitaldia Hernaniko Orona-Ideon, zientzialari eta medikuekin. Zabalkunde zientifiko eta elkarrizketa sozialerako jardunaldia. Erraustegiak osasunean izan ditzakeen ondorioak. Bizipen pertsonalek ere tartea izango dute. Info gehiago:

Web orrialdea: gurasos.org

Facebook: facebook.com/gurasos

Twitter: @tgurasos

Maiatzak 27, ostirala

17:00-20:00 Maiatzaren 29ko giza-katerako izen emate mahaia Zubietako plazan.

Maiatzak 29, igandea

11:30 Osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako giza-katea Donostian, Onkologikoan hasi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza pareraino.

Luzeera: 5 kilometro inguru.

Gutxieneko beharrezko parte hartzea: 5.000 lagun. Gutxienez, 400 usurbildar.

Zehaztasunak: "musika, emozioa eta sorpresak" iragarri dituzte.

13:00 Ekitaldia Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza aurrean, Donostiako Gipuzkoa plazan.

Antolatzailea: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.