Euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioak, Sagardo Egunez

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 18a, 11:45

Sagardo Egun handian aldarrikapen eta elkartasunerako ere tartea izango da; euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko mobilizazioak deitu ditu Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak maiatzaren 22rako. 13:00etan finkatu dute hitzordua, Ernai Usurbil gazte erakundeak Mikel Laboa plazan kokatuko duen txosnagunean. Lehenbizi elkarretaratzea egingo dute. Eta gero, eguraldiak ahalbidetzen bau behintzat, giza-katea, Askatasuna plazako bolatoki gainera. Bertan txotx berezia egingo dute, herriko presoen alde; "txotx berezia egingo dugu Xabier Aranburu "Xomorro", Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga gurekin nahi ditugula, Sagardo Egunez ere aldarrikatzeko!". Segidan, Olatz Lasagabasterren zorion agurrerako argazkia aterako da.

Talogileak bueltan

Iaz garai honetan iragarri genizuen. Urte luzez, Sagardo Egun, Artisautza edo San Tomas Azoketan, baita beste hainbat ekimenetan ere, muxutruk talo eder askoak gogotsu prestatzen aritu izan den taldea desegitera zihoala. Iazkoa izango zela lanean jardungo zuten azken Sagardo Eguna. Bide batez, taldeari segida emateko prest zeudenei Mikel Laboa plazako karpa azpira gerturatzeko gonbita luzatzen zieten festa egun handian.

Aldaketekin, lehengo kide batzuek segita, bidelagun berriak batuta, taldeari eutsi diote azkenean. Igande honetan bueltan izango dira, Ernai Usurbilek Mikel Laboa plazan altxatako txosnagunean aurkituko dituzue. 11:00etan irekiko dute karpa. Eguerdi partera arte ariko dira taloak prestatzen. Euren lan jarduna ezagutu eta mimo handiz prestaturiko jatekoa dastatzeko aukera bikaina izango dugu sagardo tragoxka eta tragoxka artean, maiatzaren 22an.

Presoen senideei laguntzen

Elkartasun bilgunea izan da betidanik talogileena. Jasotako dirua, euskal presoen senideei laguntzera bideratu izan dute. Iazko Sagardo Egunean, taldea desegitera zihoala iragarri ostean, buru-belarri lanean zirela, ezusteko eta merezitako omenaldia jaso zuten Usurbilen Nahi Ditugu bilgunearen eta hainbat herritarren partetik. Modu honetan, urteetan emandako laguntza eskertu nahi izan zioten bolondres taldeari. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituriko mobilizazioen amaieran izan zen.

TXOSNAGUNEA

Maiatzak 22, igandea

11:00 Txosnagunearen irekiera.

13:00 Presoen aldeko kalejira eta txotxa.

Eguerdira arte, talogileak.

15:30 Trikitilariak.

18:00 Dj Bull.

23:00 Zaparra herriko taldearen kontzertua.

Tokia: Mikel Laboa plaza.

Antolatzailea: Ernai Usurbil.