Zubietako udako txokoetako matrikulazioa ixtear

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 19a, 08:30

Zubietako Guraso Elkarteak 2-12 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzenduriko txokoak antolatu ditu uztaila eta abuzturako. Apirilaren 30era arte aurre izen ematea bideratu zutenek, ostiral hau, maiatzaren 20a dute matrikulatzeko azken eguna. “Matrikula orria bete beharko da eta epe barruan bakoitzak dagokion kuota ordaindu beharko du”, ohartarazi dute antolatzaileek. Izen emateko idatzi zubietatxoko@gmail.com helbidera edo bestela, Zubietako Eskolan eskura ditzakezue inskripzio orriak. “Epez-kanpo izen ematen duenak ez du tokia ziurtaturik izango. Izen eman gabeko edo matrikula ordaindu gabeko haurrak ez dira onartuko”, ohartarazi dute antolatzaileek.

Lasarte-Oriako Ttakun Elkarteak kudeatuko dituen txokoak astelehenetik ostiralera izango dira uztaila eta abuztuan, goizez eta lau orduz, 09:30-13:30 artean. Txoko hauek hamabostaldika antolatuko dira. “Haurrek lagun artean jolastu, tailerretan parte hartu, irteerak egin eta abar luze bat egiteko aukera izango dute”, berri eman du Zubietako Guraso Elkarteak.

Udajolaseko guraso bilera

Izen emate epea itxita, NOAUA! K.E.-k eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Udajolasen apuntatu direnentzako argibideak jasotzeko hitzordua dator orain; guraso bilera. Adi zehaztasun hauei:

Guraso bilera

Eguna: ekainak 2, osteguna.

Ordua: 17:00.

Tokia: Potxoenea.

Nori zuzendua: maiatzaren 2tik 6ra Udajolasen izena eman duten haur eta gaztetxoen gurasoei.

Deitzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea eta Usurbilgo Udala.

Udajolas

Epea: uztailaren 4tik 29ra, astelehenetik ostiralera.

Ordutegia: 09:30-13:30.

Antolatzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea eta Usurbilgo Udala.

Ziortzako kanpaldiko guraso bilera

Ziortza Gazte Elkarteak antolaturiko udako kanpaldian izena emana duten gaztetxoen gurasoentzako bilera deitu dute antolatzaileek, ekainaren 11rako, larunbatez, goizeko 11:00etan Potxoenean. "Ziortza Gazte Elkarteak antolatu duen 2016ko kanpaldira doazen gazteen gurasoei zuzendutako bilera da. Bertan kanpaldiko informazioa emango dugu. Oso garrantzitsua da joatea", adierazi dute Ziortzatik.

Udako gaztetxoen eskaintza Kiroldegian

8-13 urte artekoek uztailean kirolaz gozatzeko eskaintza zabala aurkituko dute Kiroldegian antolatu dituzten txokoei esker. Denetariko jardueretan parte hartzeko aukera izango dute, bai Oiardon baita handik kanpo ere. Besteak beste txangoak egitekoak baitira. Beti ere, "eguraldiaren arabera egingo dira", ohartarazi dute antolatzaileek. Kasuotan, "autobusez egingo diren irteerak ez daude prezioen barne". Argibide gehiagorako:

943 372 498

kirola@usurbil.eus

buruntzaldea.eus

Facebook: Oiardo Kiroldegia

Aurreikusitako ekintzak

-Irteerak: mendi bizikleta, ibilaldiak (mendira, hondartzara...).

-Kirol alternatiboak: patinajea, boulderra (hastapen tailerra), badmington, hockey, freesbe.

-Jolasak: altxorraren bila, ginkana, globo jolasak...

-Igerilekuko ur jolasak: waterpolo, saltaos, koltxoneta lasterketak, zirkuituak...

-Kirol ekintza ezberdinak: herri kirolak (txingak, sokatira...), pilota (eskuz, raketaz, palaz).

Txandak

Hilabete osoa: uztailaren 4tik 29ra.

Lehenengo txanda: uztailaren 4tik 15era.

Bigarren txanda: uztailaren 18tik 29ra.

Ordutegia: 10:00-13:00.

Nori zuzendua: 8,9,10 eta 11, 12 eta 13 urtekoentzat.

Antolatzailea: Oiardo Kiroldegia.

Udako kirol eskaintza

Uztailerako ikastaro berriak programatu ditu Oiardo Kiroldegiak. Igerilekuan, haur eta helduei zuzenduriko hastapen ikastaroak; pilates, spinning, yoga, zumba, aerobik edota jumping ikastaroak gimnasioan. "Uztailean kirolik egin nahi? Zatoz Oiardo Kiroldegira eta apunta zaitez gure uztaileko eskaintza berezian! Zure zain gaude!", luzatu dute gonbita Oiardo Kiroldegitik.