"Gure aldetik herritarrei itzultzen diegu galdeketa egiteko eskumena. Kezkaren tamaina ezagututa inoiz baino zilegitasun handiagoa du galdeketak", adierazi du Usurbilgo Udaleko gobernu taldeak, Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak aurreko ostiralean erraustegiaren inguruko galdeketa debekatu ostean.
Udalak herritarren esku utzi du beraz, erraustegiari buruzko galdeketa antolatzeko aukera. Debekua ezagutzera eman eta ia astebetera, oraindik jakinarazpen ofizialik ez dutela jaso berri eman dute Xabier Arregi alkateak eta Alaitz Aizpurua zinegotziak. Datorren asterako espero dute, nahiz argi utzi dutenez, Espainiako Gobernuak hartutako erabakia irmoa da. "Pasa den ostiralean argitaratu zuen albistea eta beraz ukoa garbia da", zioen alkateak, erabaki honen inguruko balorazioa plazaratzeko, ostegun eguerdi honetan udalbatza aretoan egin duten agerraldian.
Espainiako Gobernuaren erabakia Udalak penaz hartu duela azaldu dute, "herritarren aldetik 1.185 sinaduraren mandatuari erantzun ezinik geratzen gara". Ministroen Kontseiluaren ezezkoak "beste arazo batzuk agerian uzten ditu. Nork noren gainean, zergatik, nola eta zer argudioren gainean hartzen dituen erabakiak. Hori Usurbilen esaten den bezala, beste kupeleko sagardoa izan daiteke batzuentzat, baina uste dugu benetan arduraz hartzekoa dela. Are gehiago, erabakiak hartzeko modua eta hauek izan dezaketen eragina herritarrei bizkarra emanda hartzen badira".
Ildo horretatik, erraustegia ingurumen eta osasunari eragiten dion arazoa izateaz gain, arazo etiko eta demokratikoan bilakatzen ari dela ohartarazi dute. "Hondakinak erraustearen egokitasunari buruz inoiz ez zaigu galdetu herritarrei, eta Usurbilen saiatu izan garenean ere ez zaigu utzi", salatu du Udalak.
Herritarrak eta osasuna lehenesteko deia
Debekuak debeku, galdeketon zilegitasuna defendatzen segitzen du Udalak. "Usurbilgo eta eskualdeko herritarren artean erraustegiaren eraikuntza eta hau martxan jartzeak gure ongizatea eta osasunean eragiten duen kaltearen aurrean, zilegizkoa eta arduratsua iruditzen zaigu ekarriko dituen ondorioen eta kostu ekonomikoen jakitun, oraindik ere gure hondakinak erraustu nahi ditugun galdetzea", adierazi dute gobernu taldetik.
Eta galdetu bakarrik ez, behingoz, gai honi buruzko eztabaidaren erdigunean, herritarrak eta herritarren osasuna jarri, eta alderdi interesak alboratzea eskatu dute. "Osasunaz ari garenean arrisku hutsak aski behar luke arduraren eta prebentzioaren printzipioa aplikatzeko, beste ezeren aurretik. Gure aldetik, ildo horretan Gipuzkoako eragile politikoei eta herritarrei hitza eman eta errausketari buruzko eztabaida zintzo eta zentzuzko bat emateko gonbita luzatu nahi diegu", adierazi dute.
Erraustegia eraikitzeko tematuta segitzen dutenen jarrera ere gaitzetsi dute. "Oso kezkagarria iruditzen zaigu erraustegiaren eraikuntza eta geroko kudeaketaren inguruko opakotasuna. Azken asteetan ikusi ahal izan dugun moduan, gutxieneko osasun bermerik izan gabe, herrialdeko gizarte eragile askoren aurkakotasunarekin eta Europan hainbat erraustegik sortu dituzten arazoei muzin eginez, aurrera jarraitzen dute proiektuarekin", diote. Nahiz, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak bestelakorik dioen, gaurko agerraldian oroitarazi dutenez. "Ikerketa asko daude argitaratuta aldizkari serio eta fidagarrietan, erraustegien osasun kalteak nabarmentzeko eta ebidentzi mailara eramateko. Gipuzkoako mediku talde batek txosten bat argitaratu du horren berri emateko eta jendaurrean ere hamaika informazio saio egiten ari dira", nabarmendu dute.
Galdeketaren bidea Udal barruan
Urtarrilak 30: Erraustegia Erabakia herri plataformak 1.185 sinadura entregatu zizkion Usurbilgo Udalari.
Otsailak 23: osoko ohiko bilkuran, gehiengo osoz herri galdeketarako galdera onartu zen: "Usurbilgo hondakinak tratatzeko erraustea egoki iruditzen al zaizu?".
Martxoak 4: Usurbilgo Udalak erraustegiari buruzko galdeketa antolatzeko eskaera luzatu zion Espainiako Gobernuari.
Maiatzak 13: Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak galdeketa antolatzea debekatu zuen.
Ministroen Kontseilua: "Gaiak udal esparrua gainditzen du"
Ostiralero egin ohi duen bilkuran, Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak, erraustegiari buruzko herri galdeketa ospatzea debekatu zuen maiatzaren 13an. Gogoan izan, Usurbilgo Udalak galdeketa antolatzeko baimena eskatu ziola duela bi hilabete. Erantzunaren zain zen Udala, baita galdeketa antolatzea eskatzeko, azaroan osatu eta berehala, urtarrilera arte sinadurak biltzen aritu zen Erraustegia Erabakia herri plataforma ere. Gogoan izan, tarte horretan, herri galdeketa antolatzea eskatzeko 1.185 herritarren atxikimenduak bildu zituzten.
Aurreko ostiralean eman zuen ezagutzera erabakia, Espainiako Gobernuak; ezezkoa eman zuen, Zubietan eraiki nahi diguten erraustegiari buruzko iritzia ematea ukatu ziguten.
Eskubidea bai, baina ez
Ministroen Kontseiluak Usurbilgo Udalak eginiko eskaerari erderaz erantzun zion noski, web bidez. Honatx erraustegiaren inguruan galdeketa egiteko debekuaz, Espainiako Gobernuko Ogasun eta Administrazio Publikoko Ministerioak adierazi zuena:
"Ministroen Kontseiluak Usurbilgo Udalari hurrengo galdera hau duen udalerriko hiri hondakinak tratatzeko erraustegiari buruzko galdeketa ez baimentzea erabaki du: "Usurbilgo hondakinak tratatzeko, erraustea egoki iruditzen al zaizu?".
Udal Erregimeneko Oinarrien lege arautzaileak aitortzen die herritarrei herri galdeketa eskatzen duten eskubidea, baina kasu honetan guztiz betetzen ez diren baldintza batzuk finkatzen dira. Herri galdeketaren xedea udal eskumeneko kontua da eta herritarrentzat garrantzitsuak diren gaiak tratatzen ditu, baina ez du udal izaera.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren eta zenbait mankomunitateren arteko lankidetza hitzarmenak herrialdeko hiri hondakinen kudeaketa definitzen du. Usurbil barne hartzen duen San Marko Mankomunitateko estatutuek, euren xedea herrietako zabor eta hondakinen tratamendua edota ezabatzea dela zehazten dute.
Beraz, hondakinen tratamendua udal eskumenekoa den arren, egun eskumen hau ez dute baliatzen Gipuzkoako udalerriek zuzenki, 2007. urtetik, herrialdeko mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundia biltzen dituen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa arduratzen da horretaz. Arrazoi honengatik, herri kontsultara eraman nahi den gaiak udal eremua gainditzen du".