Bi egun baino ez, eta jada jai usaina dario herri erdiguneari. Udaberri beteko giroa egokitu zaie ostiral honetan, maiatzaren 22ko festa egun handirako antolaketa lanetan murgilduta dabiltzanei. Mikel Laboa plazan, Ernai Usurbil gazte erakundeko kideak, Sagardo Egunerako txosnaguneko azpiegitura prestatzen dabiltza. Frontoi eta Dema plaza bueltan, sagardotegien txartelak zintzilikatzeko euskarriak ere jarrita daude dagoeneko. Frontoian oholtza baita, eta harmailak Dema plazako elizaren horma parera mugitu dituzte. Urteroko mugimendua hasi da. Badator 35. Sagardo Eguna.
Autorik gabeko jai gunea
Adi ohar hauei. Ohi denez, Sagardo Egunez, autoentzat itxita egongo da herri erdigunea. Goizeko 08:00etan Bizkarretik Kale Nagusirako sarrera itxiko du Udaltzaingoak. Usurbila autoz datorrena San Inazioko sarbidera gerturatu beharko da. Udaltzaingoa egongo da bertan trafikoa bideratzen. San Inazio ondoko industriaguneetan aparkatuko ahalko da. Ezinbestean Kaxkora gerturatu behar duenak, autoz igo ahalko da San Inazio kaletik gora. Baina adi, hainbat kale itxita egongo dira; kanpo santu zaharraren parean, Puntapax, Bordaberri eta Zubiaurrenea kaleak. Alegia, Sagardo Eguneko jai gunea inguratzen duten kaleak ibilgailuen joan etorrirako itxita egongo dira igande honetan. Baita autobusentzat ere. Donostiara joateko, nahiz hiriburutik Usurbila datozen autobusak, San Inazioko errotondan geratuko dira. Eta ez udaletxe ondoko geltokian.
Dastatuko ditugun sagardoak
Baserriak
Agerre Azpi, Aizperro, Anburu, Gorosti, Kupel Txiki, Leitzarran.
Aginaga
Aginaga, Urdaira.
Usurbil
Aialde Berri, Arratzain, Saizar.
Zubieta
Astiazaran.
Aduna
Aburuza.
Aia
Satxota, Izeta.
Astigarraga
Artola, Astarbe, Bereziartua, Lizeaga, Petritegi.
Hernani
Alberro, Otsua-Enea, Rufino, Iparragirre, Goiko Lastola.
Igeldo
Calonge.
Lasarte
Otegi.
Urnieta
Elutxeta, Oianume.
Zerain
Oiharte.
Maiatzak 22, igandea: 35. Sagardo Eguna
10:30 “Sagardotegia, gure kolejiyua” kantatu zuen Udarregi bertsolariaren oroimenez Remigio Mendibururen eskultura jarri zela 50 urte gogoratzeko ekitaldia.
11:00 Potxoenea atarian duela 20 urte egindako Noaua!ko bazkideen argazkia berrituko dugu.
11:30 Hasiera ekitaldia Noaua!ren eskutik.
Goizean zehar, frontoian herriko baserritarrak eta beste sagardogileak izango dira, Dema plazan Gipuzkoako sagardogileen elkarteko postuak jarriko dira eta Askatasuna plazan Eusko Labelean sartuta dauden sagardoak dastatzeko aukera izango da. Pintxoak dastatzeko aukera ere izango da.
12:00-13:30 "Sagardo ibaiak, bizitza iturri" erakusketa Sutegiko erakustaretoan.
18:00-21:00 “Elektro Patxaranga” kaleetan zehar.
Antolatzailea: Sagardo Egunaren Lagunak.