"Sagardoa bidegile" dokumentala 19:00etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2016ko maiatzaren 20a

Ate joka dugun 35. Sagardo Egunerako girotzen hasteko, “Sagardoa bidegile” Pixel eta Elhuyarrek, ETBren partaidetzarekin ekoitzitako dokumentala proiektatuko dute ostiral honetan, maiatzak 20, 19:00etan Sutegin. “Urtean lau hilabetez, urtarriletik apirilera, euskal sagardotegiek milaka pertsona erakartzen dituzte, bertakoak zein kanpokoak. Tradizioa bete nahi dute denek: tortilla, bakailaoa, txuleta eta gazta jatea, eta txotxera deitzen duen ahotsa entzundakoan sagardoa edatea. Tradizio modernoa da hau, baina erro sakonak ditu. Dokumentalak bidaia moduan azalduko digu tradizio hau: ibilbide geografiko, kultural, teknologiko eta gastronomikoa izango da, ezustekoz betea”, dio sinopsiak. Donostiako Zinemaldian estreinaturiko ikus-entzunezkoa Usurbila dator, Sagardo Egunaren Lagunak, Usurbilgo Udala eta Elhuyarren eskutik. Dokumentalaren aurrerapentxo bat, albiste honi lotutako bideoan duzue. Informazio gehiagorako: sagardoabidegile.eus