"Guk izandako minbizia ez dugu inork erraustegiagatik bizitzerik nahi"

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 20a, 21:07

Minbizia gertutik ezagutu dutenek, lehen pertsonan sufritu dutenak ere elkartu eta erraustegiaren aurkako mugimendu zabalera batu dira. Zubietan eraiki asmo duten erraustegiak osasunerako dakartzan kalteekiko "kezka helarazi nahi dugu. Ez dugu inork erraustegiagatik minbizirik pasatzerik nahi". Hala adierazi dute Olatz Matxain eta Garbiñe Zaldua herritarrek, abian duten erraustegiaren aurkako eta osasuna babesteko lanketa jendaurrean aurkezteko, ostiral honetan Potxoenean deitu duten ekitaldian.

Bizipen pertsonaletatik hitz egiten dutela nabarmendu dute eta jasan behar izan duten minbizia ez diotela inori opa. Are gutxiago Zubietan eraiki nahi duten erraustegiak eragindakoa bada, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak (OEIT) ezagutzera emandako datuek azken aldian maiz gogorarazi izan diguten moduan. OEIT-k nazioarteko hainbat ikerketa lanetako datuak bildu ditu urte luzez. Tartean, Madrilgo Carlos III Unibertsitateak eginiko azterlana. Erraustegitik 10 kilometroko eremuaren baitan, gaixotasunak nabarmen areagotzen direla diote;

-%13 hazi daiteke heriotza-tasa orokorra, erraustegi batetik gertu bizi diren herritarren artean.

-%3,5 areagotuko dira minbizi kasuak, erraustegitik 3,5 kilometroko eremuan bizi diren herritarren artean.

-Zenbait minbizi mota ordea "asko areagotuko lirateke": biriketakoa %14 gehiago, gibelekoa %29 gehiago, leuzemia kasuen ondoriozko heriotza-tasa %21 gehiago, pleurazko minbiziaren ondoriozko heriotza-tasa %84 gehiago, behazuneko minbiziaren ondoriozko heriotza tasa %24 gehiago.

-Sortzetiko malformazioak, abortu eta erditze goiztiar gehiago egongo lirateke.

Valdemingomezeko lekukotzak, larunbat goizean Lasarten

Datuon berri izanda eta bizi izan duten esperientziaren ostean, zerbait egiteko beharra sortu zitzaien Olatzi eta Garbiñeri. Eta lanean hasi ziren. Ostiral honetako saioa antolatzeaz gain, larunbat honetan hitzaldia antolatu dute 11:30etan Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean; GuraSOS mugimenduak Hernaniko Oronan iragarritako jardunaldietan parte hartuko duen lagun bat gonbidatu dute hitzaldia eskaintzera. Ez da edonor. Madrilgo Valdemingomezeko erraustegia gertutik sufritu duen bizilagun baten lekukotza ezagutzeko aukera izango dugu; Clara Peralesena. Minbizia du, eta bera, etxetik gertu duen erraustegia ixtea eskatzeko, aipatu planta honen aurkako salaketa aurkeztu duten 36 lagun taldeko kidea da.

Gogoan izan, Madrilgo 49 zenbakidun epaitegiak tramitera onartu duela talde honen salaketa, erraustegia eta gaixotasunen arteko lotura zuzena dagoela ikusi baitu epaileak. 36 lagunotatik 15 hil dira jada minbiziagatik. Potxoeneko saioan aipatu dutenez, Clarak bere lekukotza eskainiko du larunbateko saioan. Berarekin izango da baita, Javier Navascues, salaketa aurkeztu duten taldeko bozeramailea, eta "Rivas Aire Limpio" herri plataformako lehendakaria. Berak, gertu duten erraustegiaren aurka aurkeztu duten salaketari loturiko prozedura azalduko du.

Aukera aproposa beraz, larunbat arratsaldean GuraSOSen jardunaldietara joan ezin duenak, Lasartera gerturatu eta erraustegiaren kalteak lehen pertsonan sufritu dituen lagunaren lekukotza gertutik ezagutzeko. Olatzek eta Garbiñek Potxoeneko ekitaldian azaldu dutenez, harrituta omen dira gure artera datozen madrildarrak, inguruotan jarri nahi diguten erraustegiaren aurka lanean dabilen mugimenduarekin. Eta argi omen diote, "beraiei gertatu zaiena, ez dute inork pasatzerik nahi".

Atxikimendu nahiz ekarpenetarako irekiak

Hitzordu honez gain, hedabideetara bidali asmo dituzten iritzi artikuluak prestatzen ari dira Olatz eta Garbiñe. Minbiziaren aurkako eragileekin, Kattalin, Aspanogi eta Espainiako Minbiziaren Aurkako Elkartearekin ere hartuemanetan jarri dira. Asteburuan deituak dauden jardunaldietara gonbidatu dituzte, nahiz aipatu dutenez, momentuz ez duten erantzunik jaso. Potxoenean aurkeztu duten taldea irekia dago prestatzen ari diren iritzi artikuluetarako minbizia izan edota dutenen atxikimenduk biltzeko, nahiz bestelako ekarpen edo proposamenak jasotzeko ere.

Guztia noski, beste hainbat eragile eta herritar eskatzen ari diren moduan, behingoz erraustegia geratzeko. Proiektua behin betiko bertan behera uzteko. Hondakinen errausteak eta gaixotasun eta hilkortasun tasaren areagotzearen artean lotura zuzena dagoela ikusita, gutxieneko arrisku egoerarik ez dute bizi nahi. Erraustegia ez den "beste sistema batean pentsa dezatela", eskatu dute Potxoeneko saioan. Bertaratu direnen lagunek, azalpenak entzuteaz gain, erraustegia martxan jarrita arnastuko dugun keaz bakarrik ez, kezka azaldu dute baita, edaten dugun uraren kalitatean edota hondakinak errausteak bertako lurretan izango duen eraginagatik. Kezka baita noski, erraustegiak eragin ditzakeen gaixotasunengatik ere. Kezka, gai honekin arriskuan dagoen guztion osasun eta ingurumenagatik. Kezka.