Zubietatik igaro da, proiektu suntsitzaileen aurkako Txirrinka

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 21a, 15:57

Euskal Herriko txoko ezberdinetatik atzo abiatu zen Txirrinka ekimeneko zutabeetako bat, Donostiatik zetorrenak, Zubietan egin du geldialdia larunbat eguerdi honetan. Txandakako bizikleta martxak proiektu suntsitzaileak salatu nahi ditu, zoritxarrez, ingurumena eta osasuna erasotzen ari diren hainbat mehatxu baitaude Euskal Herri luze eta zabalean. Inguruotara etorrita, gertuen dugun tankera honetako egitasmoa, erraustegia dugu. Horregatik, lurra zaindu eta eredu soziala eraldatzea aldarrikatzen duen Txirrinkak, Zubietan geldialdi berezia egin nahi izan du gaur, Lasarterako bidea hartu aurretik.

Urbil merkatalgunetik Txikierdira, eta handik, Aliriko zubitik barrena heldu dira txirrindulariak errebote plaza ondora. Atsedenaldian, Zubietako Herri Batzarreko kide Fernando Iturraldek hartu du hitza, hondakinak ez, "dirua eta gure osasuna" erraustu nahi dituen proiektuaz aritzeko. Erraustegiaz alegia. Planta hau kokatu nahi duten gunetik gertu, eraiki nahi dituzten kartzela eta industriagunea ere aipatu nahi izan ditu. Egitasmo guztiok bideratzeko "gure mendia, gure lurrak lapurtu zizkiguten. Dena suntsitu, txikitu zuten", adierazi du, lurrokin nola espekulatu den salatzearekin batera. Eskaera bat ere luzatu die, Donostiako Udalari eta Foru Aldundiari, Biodonostiak egin asmo dituen azterketa epidemiologikoen harira. "Gure gaitzekin ez dugu nahi inork jolastea, inork dirurik egitea, ezta inork ere ikertzea nahi. Guk nahi duguna da gure osasuna mantentzea", esanez amaitu du Iturraldek, bertaratu direnen txalo artean.

Herritarrak Txirrinkan

Ekitaldian, Zubietatik gertu, Belartzako industriagunea handitzeko egiten ari diren lanak ere salatu dituzte. "Keinu bat ere egin Belartzarekin borrokan dabiltzan añorgatarrei; industriagunea handitu nahi dute. Animoak eta borrokan jarrituko dugula guztiok", adierazi dute Zubietan.

Adierazpenokin, Txirrinkaren lekukoa jaso dute zubietarrek, eta plazatik barrena Lasarte-Oriarako bidea hartu dute, proiektu suntsitzaileen aurkako aldarria lau haizeetara zabaltzen segitzeko.

Aipatu, zubietar eta usurbildarrak bazirela noski Txirrinka ekimenean. Urbil merkatalgune ondoan batu da bizikleta martxara, goizeko 11:00etan anbulatoriotik abiatu den herritar talde bat. Eta jende gehiago, Zubietan egin den geldialdiaren ostean.

Informazio gehiago: ahttxirrinka2016.blogspot.com.es