GuraSOS-en jardunaldietan izan dira, Valdemingomezeko erraustegiak kalteturikoak

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 21a, 20:53

GuraSOS mugimenduak larunbat arratsalde honetan egin berri dituen jardunaldietan, Madrilgo Valdemingomezeko erraustegia gertutik sufritu duen bizilagun baten lekukotza ezagutzeko aukera izan dugu; Clara Peralesena. Minbizia du, eta bera, etxetik gertu duen erraustegia ixtea eskatzeko, aipatu planta honen aurkako salaketa aurkeztu duten 36 lagun taldeko kidea da. Gogoan izan, Madrilgo 49 zenbakidun epaitegiak tramitera onartu duela talde honen salaketa, erraustegia eta gaixotasunen arteko lotura zuzena dagoela ikusi baitu epaileak. 36 lagunotatik 15 hil dira jada minbiziagatik. Clara eta kideak biltzen dituen "Rivas Aire Limpio" plataformako bozeramaile Javier Navascues Oronan izan dira, urteotan bideratu duten erraustegiaren aurkako borrokaren berri ematen.

Albiste honi atxikitako bideoan duzue erdaraz, Clararen lekukotza. Berak bizitakoa ez diola inori opa, eta ahal duen neurrian, laguntzeko prest agertu da. Erraustegia geratzeko mobilizatzera animatu ditu herritarrak. "Bidegabea da. Bukaeraraino borrokatuko dut, zuek bezala, erraustegia geratzea lortu nahi duen jende guztia babesteko". Txalo zaparrada artean agurtu dute. Lekukotza hunkigarri bezain gogorra, bideo honetan duzue osorik.