GuraSOS-en jardunaldiak: "Ez dugu gure haurren osasuna arriskuan jartzerik nahi"

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 21a, 21:47

Interes baina batez ere kezka nabarmena sortu dute, larunbat arratsalde honetan GuraSOS mugimenduak Hernaniko Orona-Ideon antolaturiko jardunaldiek. Erraustegiak osasunean izan ditzakeen eragina aztertu dute profesionalen eskutik. Datu kezkagarriak plazaratu dituzte. Eta ebidentziez jositako lotura argia azaleratu dute beste behin; alegia, lotura estua eta zuzena dagoela, erraustegiaren eta erraustegiak eragin ditzakeen osasun zein ingurumen mailako kalteen artean.

Jardunaldiok GuraSOS mugimenduko kideen aurkezpenarekin abiatu dira. Albiste honi atxikitako bideoan dituzue taldeko kideen zenbait adierazpen. Argi esan dute beste behin: "Ez dugu gure haurren osasuna arriskuan jartzerik nahi". Erraustegiaz ziotenez, "guraso bezala, jakin nahi dugu ze ondorio ekarri ditzakeen, ze arrisku dituzten". Eta hartua duten konpromiso bat berretsi dute: "Gure haurren osasuna bermatzearen alde egingo dugu". Hondakinen arazoa konpontzeko adostasun zabal baten bila joan beharra dagoela nabarmendu dute, konponbidea behar duela gai honek, baina arazo honen konponbidea ez dela "erraustegia, ez duelako bermatzen gure seme-alaben osasuna".

Jardunaldietan zehar jasotako informazio guztiaren ostean, "hau zabaldu beharra dago" zioten. Gehiagorako eman dute GuraSOS mugimenduko kideen adierazpenek. Ondoko bideoan dituzue euren hitzak.