NOAUA!ren 20. urtemugako ospakizunak, Sagardo Egun honetan

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 22a, 07:47

Ondoko argazkikoak, ezagutzen dituzue? Ziur baietz, herritarrak baititugu. Duela 20 urte ateratakoa da. Begiratu ondo, denek daramate pegatina bana. Batzuk eskutan aldizkari bat ere bai. Irudia Potxoenea eta Eliza ondoko plazatxoan aterata dago. Ez zen ohiko eguna,  erreparatu bestela hainbat lagunek soinean daramatzaten jantziei.

1996ko Sagardo Eguna zen. Erditzear zen proiektu berri baterako prestaketa betean zen udalerri hau. Eta igande honetan, bi hamarkada beranduago, irudia berritzera goaz zuekin guztiokin. 20 urte bete ditu eta NOAUA! Kultur Elkarteak. Eta esandakoa, gerturatu, igande goizeko 11:00etan Potxoeneatik Kale Nagusira bidean dagoen Askatasuna ondoko plazatxora. Kultur elkarte honen historiarako argazki berri bat atera nahi dugu, egitasmo hau aurrera ateratzea ahalbidetu duzuen kide guztiokin. Eta gero denok frontoira. Sagardo Eguneko antolatzaileei esker, NOAUA! K.E.-k izango baitu, aurtengo jaialdia abiatzeko ohorea. Goizeko ospakizunak halere, 10:30etan hasiko ditugu; Remigio Mendiburuk landutako Udarregi bertsolariaren omeneko eskulturak 50 urte bete dituela eta, eskultura ondoan ospatuko den oroitze ekitaldiarekin. Gero NOAUA!kideen argazkira eta handik hasiera ekitaldira. Idoia Torregarai NOAUA! K.E.-ko lehendakariak eta segidan dituzuen NOAUA!ko bi bazkideok emango diote hasiera, 35. Sagardo Egunari.

Josu Furundarena: “NOAUA! bezalako ekimenek aurrera ateratzeko babesa behar dutela irakatsi digute gurasoek”

Egun berezia datorkizu?

Josu Furundarena: Urte dezentez oholtza gainera igotzea tokatu izan zait Sagardo Egunez, trikititxa jotzeko. Oraingoan ospakizun hau tokatu zaigu eta gustura.

Trikitilari moduan, oholtzatik nola ikusi izan duzu Sagardo Eguna?

Denak jaian murgiltzeko zain eta pozik izaten dira. Jaialdi hasieran jo izan dugu trikitixa, irekiera ekitaldia ospatu eta berehala igo izan gara oholtza gainera Zumarteko trikitilari eta panderojoleak, Juan Tapiarekin. Oraindik jendea lasai ibiltzen den garaian.

Iaz estreinakoz sagardoa zerbitzatzen aritu zinen. Zer moduzko esperientzia izan zenuen?

Bukaerarako nekatuta, baina gustura. Beste aldetik ikusten da Sagardo Eguna. Hasieran lasaixeago ibiltzen da jendea, bukaeran gehiago entretenitzen dira. Egarri gutxiago eta hitz egiteko gogo gehiago izaten da. Sagardoa botatzeko jende berria sartzen ari da pixkanaka. Aldaketa hori beharrezkoa da segida izateko. Gu ere iaz hasi ginen lehen aldiz sagardo botatzaile gisa eta aurten ere ibiliko gara bertan.

Postura gerturatzen direne, nola epaitzen dute sagardoa?

Gustura baina antzematen zen sagardo batzuk lehenago bukatzen direla beste batzuk baino. Orokorrean jendea gustura geratu zen. Ia aurten, sagardo gehiago izan da, sagarra ere ugariagoa izan da, eta ia jendea gustura geratzen den.

Ze plan duzu Sagardo Egunerako?

Goizean goizetik frontoian izango gara prestaketa lanetan; sagardoa hozteko izotza jartzen, mahaiak prestatzen... Goizean zehar sagardoa botatzen ibiliko gara, eguerdian bazkaritara eta bazkaritik aurrera, arratsalde-gau parteko festa. Nekatu arte.

NOAUA! kideen duela 20 urteko argazkia berrituko dugu. Bertan izango zara baita.

Beste urteren batean ere izan gara argazki horretan. NOAUA! zaletua dena ekitaldira gerturatzera animatzen dut. Gazteok urrun ikusten dugu NOAUA!, baina guk ere parte hartzeko gune bat da. Ia animatzen garen, ia hartzen dugun iniziatiba, aukera bada eta.

Nolatan bideratu zenuen NOAUA!ko bazkidetza?

Gurasoak sorreratik dira NOAUA!kide, halako ekimenak aurrera ateratzeko babesa behar dutela ikusi baitute, eta hala irakatsi digute. Finantzaketan parte hartzeko bazkide izatea baliagarria eta garrantzitsua da. Horregatik gara arreba eta biok NOAUA! kide.

 

Maribel Mena: “Euskara ikasten ari naiz eta NOAUA! oso ondo datorkit orain”

Duela gutxi tramitatu duzu NOAUA!ko bazkidetza. Zerk animatu zaitu?

Maribel Mena: Martxoan egin nuen bazkidetza. Gustuko ditut kultur ekintzak. Horregatik animatu naiz, herrian zer antolatzen den jakiteko eta parte hartzeko baita.

Astekaritik, zer duzu gogokoen?

Orohar dena gustuko zait. Interesgarria da niretzat. Euskara ikasten ari naiz eta oso ondo datorkit orain. Normalean aldizkari osoa irakurtzen dut.

Ze urratsetan zaude orain?

Ikasturte honetan hasi naiz Etumeta-AEK euskaltegian. Lehenengo perfila atera nahi dut.

Zer moduz moldatzen zara?

Oso ondo. Jende gutxi gara gelan eta asko ikasten dugu. Oso pozik nago. Giro ona dugu, asko hitz egiten dugu denok.

Zein da euskalduntzearen helburua?

Perfila atera eta euskaraz hitz egiteko ohitura hartu nahi nuke. Euskara pixkanaka, geroz eta gehiago ulertzen dut. Hitz egin ez hainbeste. Urduri jartzen naiz.

Baduzu euskaltegitik kanpo euskaraz aritzeko aukera?

Senarrarekin eta umeekin. Umeak ikastolan daude eta etorkizunari begira, etxekolanekin lagundu nahi nieke.

Kalean errazten zaizu euskaraz hitz egitea?

Mintzalagun egitasmoan parte hartzen hasi berri naiz. 3-4 laguneko talde txikia osatu dugu. Lautan bakarrik bildu gara oraindik, baina esperientzia ona da, soltura hartzen laguntzen dit. Gustura nabil.

Noiz atera nahi zenuke perfila?

Azterketa egin behar dut ekainean, saiatu nahi dut, ia zer moduz ateratzen zaidan. Ateratzen ez badut hurrengo urteko ekainean saiatuko naiz berriz. Epe luzerako helburua da, ikasketan aurrera segitzen motibatzen nau.

Nola biziko duzu Sagardo Eguna?

Normalean, lagunekin plana egiten dugu. Goiz pasa egiten dugu Usurbilen, sagardoa dastatzen aritzen gara. Eta gero bazkaria izaten dugu. Aurten ez dakit zer egingo dugun, aurreko urteetan hemen inguruko sagardotegiren batera joan izan gara bazkaltzera.

Animatu irakurleak Sagardo Egunera.

Bai, giro ona izaten da batez ere goizean. Oso giro ona eta polita. Animatu Sagardo Egunera, ia eguraldi ona egiten duen. Ondo pasako dugu.

Animatu baita euskalduntzeke dagoena, euskara ikastera.

Bai dudarik gabe. Hitz egitea polita da. Umeekin hitz egiteko lagungarria zait niri. Lehen euskaraz hitz egiten nuen arren, errazagoa zait orain.