"Sagardo ibaiak, bizitza iturri" erakusketa bisitatzeko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 22a, 06:55

Azken aldian udalerri hau zeharkatzen duen errioa saneatu eta biziberritzeko egitasmo bat baino gehiago mahai gainean dagoen honetan, denboran atzera egin eta Oriari aurrez aurre begiratzeko aukera dugu igandera arte Sutegin, “Sagardo ibaiak, bizitza iturri” erakusketari esker. Urumeak eta Oriak gordetzen dituen hainbat sekretu ezagutu ditzakegu.

Errioa eta errio inguru bizi askoa izan baitugu aurreko mendeetan. “XIX. mendera arteko autopista” izan dugu, Astigarragako Sagardoetxeko Lourdes Odriozola historialariak azaldu digunez. Bizitza eta aberastasun iturri emankorra. Ibaiko ura elikagai gisa baliatzen zuten gure arbasoek, jarduera ekonomikoetarako baliabidea ere bazen. Inguruko herritarren artean, nahiz atzerriarekin harremantzeko bidea. Eta negozioetarako gune estrategikoa.

Indar handia izan zuten bi sektoreren arteko lotunea izan zen garai batean, gure errioa. Oria sagardo ibaia izan zen XVI-XIX mende artean, eta Usurbil eta Aginaga buelta bereziki, sagardogintzaz gain, ontzigintzan punta puntako eremua.

9 kai

Pentsa, 9 portu izatera heldu zen Oria, Lourdes Odriziola, Sutegin bisitatu dezakezuen erakusketa ibiltarian jada bisita gidatu bat baino gehiago bideratu duen Astigarragako Sagardoetxeko historialariak adierazi digunez. Bai, garai hartan itsasertzean bakarrik ez, lur barreneko ibaiek ere, Oriak eta Urumeak kasu, inguruotako baliabide ekonomikoak sartu eta kanpora garraiatzeko kai propioak zituzten. Urdaiaga, Mapil, Agina, Asteasuain, Astesauainalde, Errotaberria, Kaparoz, Torrea eta Atxega izenekoak inguruotan. “Azpiegitura oso txikiak ziren, materiala eta jendea itsasontzira sartu eta irteteko”, berri eman digu garai hartako dokumentazioa batzen aritu den historialariak.

Gaur egun, erriora begira jarrita, irudikaezina izango zaigu itsasontzi bat Usurbil edo Aginaga aldean ikustea. Baina denboran atzera egin dezagun garai hartako errealitatera. “Oria Gipuzkoako ibai handiena dugu, bai luzeeran eta bai ur emarian. Gaur egunean Usurbil-Aginaga aldean ur asko daramala ikusten dugu, baina ibaiak leku asko galdu du. Lehen leku asko erabiltzen zuen. Pentsa, gabarrak eta alak Andoaineraino igotzen ziren”, Lourdesen esanetan.

Garai bateko “autopista”

Etekin handia atera zioten errioari sagardogintzak historia luzea duen udalerri honetan, hain ezaguna ez dugun ontzigintzaren bidez. “Usurbil, eta bereziki Aginaga ingurua, XVI-XIX mende artean, Gipuzkoako ontzigintzako gune garrantzitsuenetako bat izan zen. Kasu batzuetan Pasaia baino garrantzitsuagoa”, Odriozolaren esanetan.

Ontzigintzan Zumaia, Deba, Mutriku ziren orduko erreferentzia guneak, eta haiekin Oria bera, “eta hor, Usurbil”. Gune estrategikoa, Frantziatik gertu baitzegoen, eta era berean, itsasontziak eraikitzeko lur barruan, babespean. Sei ontziola izatera heldu zen errioa; Urdaiaga edota Mapil, besteak beste. Aberastasun iturri zen errioa, eta ibai ertza, garai hartako hainbat familien bizileku. Ehunka lagun aritu ziren ontzigintzan lanean.

Herri txiki, erronka handi

Udalerri honek ezaguna du bere txikitasunean erronka handiei heltzeko duen ausardia. Ez da gaurko kontua. Garai hartan ere, “tamainaz herri txikia izango zen, baina herri oso oso garrantzitsua zen. Jende askoren buruan zegoen Usurbil” dio Lourdesek. Nortasun propioa zuten komunitate ezberdinak zeuden; Aginaga, Zubieta, herri gunea zen Kalezar… Gatazkak ere bai tartean. Baina une zailei batuta aurre egiten omen zieten. “Bere istiluak izan arren, momentu latzetan elkar lagundu dira. Herriaren kontzeptua izan dute eta defendatu dute”, dio Lourdesek. Eta nola gainera, garai ilunetatik indarberrituta ateratzeraino. “Dena galdua zegoela uste zutenean, sortzaile eta ausartak izan ziren. Euskal Herriko eta leku askotako ontzigile onenak. Ez zuten galdu beren nortasuna, zutena defendatu zuten, ibaiari balore desberdin bat eman zioten, aurrera ateratzeko”, azaldu digu historialariak.

Sagardoak, diruaren balioa

Herri barrura nahiz kanpora begira bizi zen inguru hau, sagardogintza eta ontzigintzari esker. Usurbil eta Aginaga ingurua bi sektoreon arteko lotunea zen. Bidaia luzeak egiteko, Ameriketara esaterako, ontzi handiak eraikitzen ziren hemen. Joan etorri luze horietarako “marinelek oso elikadura pobrea izan zuten. Oso potentea kalorietan eta beti 3 produktu nagusi; olioa, bizkotxoa eta sagardoa. Badakigu marinel bakoitzak edaten zituela bizpahiru litro”.

Pentsa hortik, beharko zuten sagardo hornidura. Hornitzaileak portutik gertu zituzten, sagarrondoz josia zegoen Gipuzkoa. Sagardogintza ere beraz, kanpora begira bizi zen. Bidaiak ordaintzeko ere baliatzen omen zuten sagardoa. “Sagardoak diruaren balioa zuen”, Lourdesek azaldu digunez.

Ontzigile onenak, etxekoak

Duela gutxi bolo-bolo ibili da, Kolonbiako uretan urperaturiko San Jose galeoia. Mapil ontziolan eraiki zuen Pedro de Arostegik, Aginagan. Ontzigile gehiago ere ezagutu zituen inguru honek. Ontzigile onak eta sektore honetan inbertitzeko prest zirenak. Ignacio de Soroa adibidez, “onena bere garaian”. Ekintzaile sutsua, diruduna eta zuen aberastasuna Usurbilen inbertitu nahi izan zuena. “Saroe jauregia berak eraiki zuen. Mapil baserriaren inguruan eraiki zuen ontziola pribatu bat, garai horretan ez zirenean ontziola pribatuak”, adierazi digu Sagardoetxeko historialariak.

XVII. mendearen bueltan, krisialdi ekonomiko betean, “urrezko unea da Usurbilentzat. Une honetan Gipuzkoan egiten dira Amerikara doazen itsasontzi gehienak, hortik erdia edo gehiago Aginagan eraikitzen dira”.

XIX. mendean, Mutiozabal sendia dugu. Bere garairako “oso aurreratuak” zirenak, formazioaren aldeko apustua egin zutenak. Hemen baliatzen zuten teknika hobetzeko, kanpora ikastera joan zirenak. Eta hor aitzindaria; Miguel Ignacio Mutiozabal. 1879an Uriberri ontziolan lehenengo baporea eraikitzen du. XX. mende hasierarako etorriko zen sektorearen gainbehera, kostako legedi berri baten eraginez. Baina ordura arte bezala, gerora ere, ontzigintzaren gainbeheraren ostean, errioari etekina ateratzen segiko zioten aginagar eta usurbildarrek; “desagertzen da bigarren sektorea eta lehenengoan bihurtu. Munduko onenean bihurtzen dira”, balore handiko angula famatuei esker.

Herri ondareari balioa emateko

Lourdes Odriozola historialariak 25 urte daramatza ontzigintzari loturiko iragana ikertzen. Lanotan hasi eta berehala jabetu zen, biltzen ari zen informazioan “sagardo asko agertzen zela”. Duela 7 urtetik Sagardoetxean dabil ikerketa lanetan, sagardoaren ondarea berreskuratzen balorean jartzeko, beti ere azterlanetan oinarrituta. Urratsez urrats, “osatzen doa gure sagardogintzaren mapa”. Bere esanetan, “azken urteotan asko egin da itsasogintzan eta sagardogintzan eta oraindik asko dago egiteko. Erakusketa “bitarteko bat da, dugun ondareari duen balorea emateko”. “Sagardo ibaiak, bizitza iturri” erakusketa ibiltaria zabalik izango duzue Sagardo Egunera arte Sutegin, ordutegi honetan:

-Asteazkenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara.

-Larunbatean 12:00etik 13:30etara eta 18:00etatik 20:00etara.

-Igandean 12:00etik 13:30etara.

Antolatzaileak: Sagardoaren Lurraldea, Usurbil, Hernani eta Astigagarragako Udalak, eta Donostiako Aquarium-a.