Espainiako Eskubaloi Federazioak Usurbil K.E. zoriondu du, senior nesken maila igoeragatik

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 25a, 08:40

Zuzendaritza batzordearen izenean Francisco V. Blazquez Garcia lehendakariak igorritako gutunaren bidez, Usurbil Kirol Elkartea zoriondu du Espainiako Eskubaloi Federazioak, senior neskak mailaz igo direlako. "Neure eta Espainiako Eskubaloi Federazioaren izenean, zorionak, klubak duela gutxi Castro Urdialesen (Kantabria) ospaturiko igoera fasean izandako garaipenagatik", dio Blazquezek. "Eta ondorioz, 2016-17 denboraldirako estatu mailako Zilarrezko Ohorezko Mailara igotzeagatik", gaineratu du. Gutun berean, elkarte osoa zoriontzea eskatzen du aipatu federazioak Usurbil K.E.-ko lehendakariari helarazitako gutunean, "modu berezian, jokalari eta teknikariak".

Balantze positiboa

Zilarrezko Ohorezko Mailara igo ziren maiatzaren 15ean Usurbil K.E.-ko senior neskak, Castro Urdialesen jokatu zuten fasearen amaieran. Taldearen maila igoera duela astebete berretsi zuen Espainiako Eskubaloi Federazioak. Ez bakarrik usurbildarrena, baita asteburu berean ospatu ziren sektoreetan mailaz igotzea lortu zuten gainerako 7 taldeena ere. Haietatik seik sailkapen buruan amaitu zituzten sektoreak. Taldeok: San Sebastian de los Reyes, Castro Urdiales, H. Sant Vicenç, A.M. Cargo Canyamelar C.H. Benetusser, CD. Agustinos eta C.B. Morro Jable V.C. Eta haiekin, bigarren bi talde onenak ere mailaz igo direla berretsi zuen aipatu federazioak; HV Aceitunas Olibher eta Usurbil K.E. Zorionak neskak!

Denboraldi bikaina osatu dute. Euskadiko txapeldun ditugu, eta hirugarren urtez jarraian sailkatu dira igoera fasea jokatzeko. Eta oraingoan igotzea lortu ere bai. Ez dute meritu makala.  Senior nesken taldetik eskerrak helarazi nahi dizkiete zaletuei, “Castro Urdialeseraino joateagatik. Urte osoko lanaren emaitzarekin oso gustura gaude, eta hurrengo urtean Zilarrezko Ohorezko Mailan jokatzeko irrikitan?”. Azken denboraldiotan behin eta berriz aipatu izan duten moduan, jokalari kopuru aldetik justu samar dabiltza taldean. Eskubaloian jokatzera animatzen diete neskei.

Gipuzkoako txapeldunak, Kiroldegian erabaki ziren

Infantil mutil zein nesken Gipuzkoako Eskubaloi Txapelketako finalak Oiardo Kiroldegian jokatu dira aurten. Usurbildarrik ez zen amaiera fase honetan. Bi txapelketetan, zumaiarrak nagusitu ziren; Pulpo eskubaloi taldeko neska-mutilak. Pozik asko jaso zuten kopa eta ospatu garaipena ere.

Alebin mutilak, Gipuzkoako final laurdenetan

Udarregi taldeak Ordizian jokatuko du larunbat honetan 10:00etan, final laurdenei dagokien neurketa. “Han irabaziz gero, finalerdiak Urnietan izango dira ekainaren 11n eta finalak Urnietan bertan ekainaren 12an”, Usurbil K.E.-etik ohartarazi dutenez. Alebin nesken Gipuzkoako final laurdenak ere asteburu honetan jokatuko dira. Hauek, Usurbilen, Oiardo Kiroldegian.

Eskubaloia Kiroldegian

Maiatzak 28, larunbata

Alebin neskak, Gipuzkoako final laurdenak:

10:00 La Salle 6 (Andoain)-La Salle 6B (Donostia)

10:00 Txispak (Zumaia)-Ikastola 6A (Elgoibar)

11:15 Txantxiku 6B (Oñati)-Orereta A (Errenteria)

11:15 Samaniego A (Tolosa)-Murumendi (Beasain)

12:45 Infantil neskak, Gipuzkoako Txapelketa: Udarregi A Usurbil-Tolosa C.F. Eskubaloia A

15:30 Alebin neska-mutilak, Gipuzkoako Errendimenduko Txapelketa: prestakuntza saioa.

Maiatzak 29, igandea

11:00 Infantil nesken Gipuzkoako Selekzioaren entrenamendua Oiardo Kiroldegian. Usurbil K.E.-ko Aitana Davila deitu dute hitzordura.

Gipuzkoako Selekzioa

Maiatzak 29, igandea

11:00 Jubenil mutilen Gipuzkoako Selekzioaren entrenamendu saioa, Zumarragako Ispilla Kiroldegian. Usurbil K.E.-ko jokalari Jokin Azpeitia deitu dute entrenatzera.