Jai Batzordea 18:00etan bilduko da Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 25a, 09:20

Hilabete pasatxo baino ez festetarako. Prestaketa lanak azken txanpan dituen Jai Batzordeak bilera berri baterako deia egin du, asteazken honetarako, 18:00etan Potxoenean. Maiatzaren 20ra arteko epea zuten interesdunek, egitarau diseinu lehiaketako lanak aurkeztu eta txupinazorako hautagaiak proposatzeko. Asteazken honetako bileran erabakiko du Jai Batzordeak, nork emango dien hasiera festei, ekainaren 30ean.

Bertsopaper Lehiaketa

16 urtetik gorako usurbildarrek parte har dezakete Bota Punttubak antolaturiko txapelketan. Lanek inoiz argitaratu gabeak izan behar dute. 8-10 bertso artean aurkeztu ahalko dira. “Lanak egilea nor den adierazi dezakeen daturik gabe aurkeztuko dira, izengoitiz. Lanarekin batera kartazal itxi batean parte hartzailearen datu pertsonalak aurkeztuko dira”. Lan originalarekin batera, 3 kopia bidali behar dira, ekainaren 8a baino lehen, helbide honetara: Usurbilgo Udala (40. Bertsopaper Lehiaketa), Joxe Martin Sagardia plaza, Usurbil 20.170.

Sariketa ekainaren 25ea izango da, 19:30etan Sutegin. Iaz bezala, herriko jaien aurretik, Sutegin ospatuko den bertso saio musikatuan emango da ezagutzera epaimahaiak hartutako erabakia. 200 euro eta oroigarria, 150 euro eta 100 euro jasoko dituzte hurrenez hurren, txapelketako lehen hiru sailkatuek. Baina gerta liteke saririk ez izatea ere. “Epaimahaiaren iritziz aurkeztutako lanek behar duten kalitaterik ez badute, sariak eman gabe gera daitezke”, berri eman dute. Iaz, Imanol Zarautz herritarrak irabazi zuen txapelketa.