Egoera delikatua bizi dute berriz Atalluko plantan. Enplegu Erregulazio Espediente (EEE) berri baten atarian dira. Astelehenean langileen batzordeak eta enpresa zuzendaritzak egin zuten batzarrean, mahai gainean jarri zuten 6 hilabetez langileak etxera bidal ditzakeen erabakia. 15 eguneko kontsultetarako epea zabalduko da orain. Gutxienez bi bilera dituzte hitzartuta langileek enpresako zuzendaritzarekin. Ia zer ematen duten saiook. Zer gertatuko den ikusteke dago. Baina langileen batzordeak argi du, ekainaren 6an enpresako zuzendaritzaren esku egongo dela EEEa aplikatzea. Hala egingo balu, urte erdiz lanik gabe geratuko lirateke, egun bertan diharduten 77 bat langile.
Zoritxarrez, ez da Atalluko plantako langileek halako egoerarik sufritu behar izan duten lehen aldia. Azken urteotan enpresa norabide argi bat hartzen ari dela salatzen dute langileek; Ingemar deslokalizatu nahi dute. “Deslokalizazio prozesu baten aurrean gaude”, adierazi digute langileen batzordetik. Galizian duten plantaren aldeko apustua egiten ari omen dira jabeak. Azaldu digutenez, orain arte aldi baterako lan enpresen bidez kontratatuak zauden 30 langile baino gehiagori enpresak kontratua sinatu die eta plantillan sartu dituzte. Asteburu eta jai egunetan ere lanean aritzen omen dira. Lan karga handia dute Galizan. Usurbilgo plantan aldiz, oso lan gutxi langileen batzordetik NOAUA!ri aditzera eman diotenez. Horregatik, lan karga banatzea, eta Galiziatik Usurbilgo plantara lan karga handiagoa ekartzea eskatzen dute, “han egiten duten lana hemen egin daiteke” eta.
Usurbilgo plantarena bakarrik ez, Ingemar talde osoaren egoera “oso larria” da une honetan. Etorkizuna kolokan du Ingemarrek. Momentu honetan, taldea sortu zuen Atalluko planta da kinka larrian dagoena. Datozen asteotan ikusi behar zer norabide hartzen duen egoerak. Langileek ondoko irudian ikusi ditzakezuen pankartak jarri dituzte lantegi atarian, beste behin bizitzen ari diren egoera gogorra salatzeko.