Maialen Berridi sendagilea (OEIT): “Erraustegia geratzeko aukerak badira”

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 25a, 11:30

Maiatzaren 29rako Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deitu duen giza-katearekin bat egin dutenen artean da Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea (OEIT). Bertako kide da Maialen Berridi medikua eta osasunaren alde mobilizatzera gonbidatu nahi ditu herritarrak. “Horrelako indarra erakusten bada, erraustegia geldituko dugu”, adierazi dio NOAUA!ri.

Herriz herri aritu zarete eskuartean dituzuen datuak ezagutarazten. Zer balantze egin dezakezue eskaini dituzuen saioetaz?

Maialen Berridi: Orokorrean oso pozik gaude. Jendearen harrera oso ona izan da, jendeak interes handiarekin hartu gaitu, galderak egon dira, eztabaidatzeko guneak sortu dira, jendea oso pozik eta gustura egon da gurekin, eta gu ere haiekin. Guk ateratako ondorioak plazaratzeko erabaki genuen herriz herri ibiltzea, ikusten baikenuen jendeak ez duela nahikoa informazio gai honen inguruan.

Hitzaldi hauen aurretik bazen gai honekiko kezka. Sumatu duzue hitzaldiak ematen joan ahala kezka hori areagotu den?

Bai. Hasieran uste genuen ez zela azalduko inor hitzaldietara, baina jendeak interes handia agertu du hitzaldietara joan denean eta datuak entzuterakoan larritasun handiagoa eragin eta txunditu ditu askotan, ez zutelako espero askotan emaitza edo ondorio horiek aterako genituenik. Eta kezka nabaria da. Jendea oro har oso kezkatua dago gai honekin.

Jendea, kezkaturik

Errausketaren zero gunearen bueltan kezka handiagoa dela esan ohi da. Zuek inguruotatik kanpo ere aritu zarete bildutako datuen berri ematen. Kezka hori beste herrietara ere iritsi da?

Bai, egia esan, ingurune honetatik kanpo dauden herri askotatik deitu digute; egon gara Tolosan, Villabonan, Ibarran, Zumaian, Zarautzen... Zestoatik ere deitu digute. Herri askotan egon gara. Nahiz eta zero gunetik hain gertu ez egon, jendea ardura handiarekin ikusten da.

Zuek esandakoetatik, zerk sortzen du kezka edo harridura gehiena?

Saiatzen dira azaltzen dieguna ulertzen, galdetzen digute ondo azaltzeko zein izango liratekeen erraustegiak dakar–tzan arriskuak eta gaixotasunak. Askotan egiten duten galdera da, ea hori guztia jakinda ere, zergatik dagoen oraindik halako proiektu bat martxan jartzeko ideia. Erantzun ezinik geratzen gara. Beraiekin ados gaude, ezingo litzatekeela jarraitu aurrera horrelako proiektu batekin, dagoen arriskua ikusita. Susmorik txikiena ere nahikoa iruditzen zaigu, horrelako proiektu bat martxan ez jartzeko. Horregatik, beti diogu arreta eduki behar dela, eta susmoren bat bada, halako proiektu bat gelditu behar dela.

“Arduraz jokatzea eskatzen diegu”

Bilera erronda egin duzue hainbat eragilerekin. Zer jaso duzue bertatik?

Hitzaldiak emateaz gain, udaletxe ezberdinekin biltzen hasi ginen. Batzuk nahikoa argi zuten erraustegiaren kontrako jarrera, beste batzuk ez hainbeste; adibidez, Donostian eta Lasarten. Baina arduratuak ikusi ditugu. Gure datuak ain–tzat hartzekoak direla ikusten dute. Ardura printzipioarena diogunean, hain da oinarrizkoa, edozeinek aplikatu beharko lukeela bere herrian erabakiak hartzerakoan. Ildo beretik, Markel Olanorekin, bai ingurumen arduradunarekin, osasun saileko Darponekin hitz egin nahi genuke, datuen berri izan dezaten. Horretan segiko dugu. Arduraz jokatzea eskatzen diegu.

Erraustegia bultzatzen ari direnak aurrez aurre izanez gero, zein izango litzateke helaraziko zenioketen mezua?

Argi eta garbi esan datuak existitzen direla, txostenak badaude, eta datuotan behin eta berriro ikusten da, badagoela lotura erraustegi ondoan bizitzearen eta gaixotasunen artean, eta horren aurrean arduratsu jokatu behar dela. Arduraren prin–tzipioa aplika dezatela, eta ez dezatela biztanleriaren gogoz kontra, 10 edo 20 urte barru osasun arazoak sortuko dituen planta bat ezarri. Arduratsu jokatu eta beste alternatiba bat bila dezatela.

“Jendearen osasuna ez  dago bermatua erraustegi baten inguruan”

Batzar Nagusietan agertu eta Foru Aldundiarekin biltzea eskatu duzue. Erantzunik jaso duzue?

Maialen Berridi: Zuzenki oraindik ez dugu erantzunik jaso, deialdia egin genuen bai Markel Olanorekin bai ingurumen diputatuarekin, edota Osasun Sailarekin biltzeko. Ez digute erantzun. Astelehenean Batzar Nagusietan agerraldia egin genuen, Podemosek eta EHBilduk eskatuta.

Erraustegiaren segurtasuna defendatzen du Aldundiak, baina aldi berean Biodonostiarekin azterketa epidemiologikoak egiteko hitzarmena sinatu dute. Nola interpretatzen duzue, itxuraz behintzat kontraesankorra dirudien jarrera hau?

Guri hasiera batean iruditzen zaigu baikorra, ikusten da benetan konturatu direla, ez dagoela bermatua jendearen osasuna errauste planta baten inguruan. Ez dute nahikoa datu eta arrazoi gaixotasun edo ondorio larririk sortuko ez denik bermatzeko. Badirudi horretarako sinatu dutela akordio hori Biodonostiarekin. Baina aldi berean ikusten dugu, akordioa berak ere ez duela ezer bermatzen. Antza, arnas aparatuko gaixotasunak bakarrik ikertuko dituzte eta oso epe laburrean.

Ez da betetzen zuek sarritan aipatu duzuen gutxieneko 10 urteko epea?

Hori da. Orduan nahiz eta 5 urtez ikertu, eta bakarrik arnas gaixotasuna, minbiziak eta beste malformazioak ez dituzte ikertuko, guk ditugun datuen arabera behintzat. Ez da denbora nahikoa, benetan ondorioak zeintzuk izango diren ikusteko. Eta gehien larritzen gaituena da ez dutela esan zer gertatuko den, benetan ikusiko balute toxikotasun maila handiegia izan edo gaixotasunak sortzen ari direla. Eta hori gertatuz gero, zein izango zen erantzulea edo ze erantzun emango luketen. Proiektu bat abiatu dute, emai–tzekin zer egingo duten pentsatu edo jakin gabe. Guri iruditzen zaigu, jendea lasaitzeko eta egoera kontrolpean dutela adierazi nahi dutela, baina kontrolak ez du bermatzen erraustegiak toxikotasuna izango ez duenik eta gaixotasunak sortuko ez dituenik.

Plazaratzen ari zareten datu kezkagarri eta larrien aurreko Aldundiaren erreakzioa izan liteke?

Bai, ikusi dute benetan datuak daudela esaten dutenak gaixotasunak sortzeko arriskua dagoela eta orduan ez dute beste argudiorik horri kontra egiteko. Eta jendea lasaitzeko aurkitu duten modu bakarra, halako zerbait plazaratzea izan da.

Osakidetzak gai honen inguruan 2004an eginiko azterketa jotzen du balekotzat Aldundiak. Zuentzat ez du kalitate nahikorik. Zeharka bada ere, zuen lana gutxietsi edo baliogabetzeko asmoa dago atzean?

2004ko azterketa, gure taldeak atera zuen txostenaren ondoren argitaratu zuten. Baina 2004ko txosten hura irakurrita, txosten horrek ez du ezer bermatu eta argitzen. Txostenean bertan onartzen dute, badela arrisku maila bat, baina ez dela arrisku nahikoa handia. Deigarria iruditzen zaigu gainera, 2004tik hona ez dutela aurkitu hori esaten duen beste txostenik.

Zabalgarbiko txostenak hiru urteko jarraipena du bakarrik. Orduan horrek ere ezin du bermatu edo baieztatu erraustegiak ez duela gaixotasunik sortuko. Guk argi dugu txostenek ez dutela bermatzen gaixotasunik ez dela sortuko. Orain arte ez da azaldu mediku edo ikertzailerik benetan baieztatu dezakeena erraustegiak ez duela gaixotasunik sortzen. Ez da agertu eta ez dugu uste agertuko denik.

“Giza-katearekin bat egin dugu”

Maiatzaren 29ko giza-katearekin talde bezala bat egingo duzue?

Giza-katearen oinarri bat izan da osasunaren alde borroka–tzea. Horregatik guk giza-katearekin bat egin dugu eta bertan egongo gara. Ziur aski Onkologiko inguruan bilduko gara mediku asko eta asko, eta osasun langile mordoa. Espero dugu baita herritarrak, familiak, gurasoak, denetarik elkartzea giza-katea osatzeko. Iruditzen zaigu jende asko gerturatuko dela. Ekimen polita eta garrantzitsua izango da.

Erraustegia gelditzeko aukerak badira beraz?

Bai. Batez ere jendeak izan duen erantzunarekin. Horrelako indarra erakusten bada, erraustegia geldituko dugu.

Erraustegi modernoak ere, "arriskutsu"

Lan askoko hilabeteak izaten ari dira zuentzat, baina lehendik ere lan handiagoa egina duzue datuak biltzen.

Hori izan da benetan lan zail eta astunena. 2002-2004 urtean hasi ginen datu bilketarekin. Orain datu bilketa eguneratu dugu, azken 10 urteotan argitaratu denarekin. Bereziki, 90. hamarkardatik hona eraikitako erraustegi modernoak deiturikoak aipatu dituzten txostenak aurkitzen saiatu gara.

Dioxinaren azterketan zentratu gara, toxiko eta minbizi sortzaile handiena delako eta onartuta dagoelako OMS-en eta nazioarte mailan dioxina oso kutsakorra dela. Azken hamarkadako txostenek diotenez, erraustegiok ere ondorioak izan ditzakete osasunean.