Errigoraren 69 kontserba lote eskatu ditugu NOAUA!n

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 26a, 09:43

Amaitu da, Nafarroa hegoaldeko tokiko ekoizpena eta euskalgintza sustatzeko, Errigoraren elkartasun kanpaina berrian eskaerak egiteko epea. Asteartera arte, guztira 16 lagun hurbildu dira NOAUA!ra eta 69 kontserba lote eskatu dituzte. Zazpi jaki genituen aukeran. Produktu lote guztion artean, pikillo piperrek eta zainzuriek izan dute arrakasta gehien. Segidan, produktuka zenbat eskaera egin diren:

-Zainzuriak ("El Escolar" eta "Iturri"): 15.

-Potxak ("La Churta" eta "Maria Jesus"): 3.

-Orburuak ("Ebron" eta "Maria Jesus"): 7.

-Barazki-menestra ("Almanaque" eta "Maria Jesus"): 11.

-Pikillo piperrak ("El Escolar" eta "Iturri"): 18.

-Kremak ("Pedro Luis"): 3.

-Tomate frijitua ("Pedro Luis"): 12.

Ekainean jasoko dituzue

Aipatu moduan, asteartera arteko tartea zegoen produktu loteok eskatzeko. Eskaera bideratu duzuenok, ekainaren 7tik 14rako tartean jasoko dituzue NOAUA!n. Loteon bila etorritakoan egin beharko dira ordainketak. Halere, produktuok jasotzen ditugunean jakinaraziko dizuegu.

Ekoizleen euskalduntzea helburu

Errigorarena hazten doan egitasmoa dugu. "Olioaren kanpaina arrakastatsua dugu aurrekari. Herriz herri kontsumitzaile arduratsuen komunitateak osatzera gindoazela esan genuen otsailean, eta martxoko zenbakiek gure apustua berretsi zuten: 5.000 familiek erantzun zioten urte osorako olioa eskatzeko gonbitari", berri eman dute Errigoratik.

Ekoizle eta kontsumitzaile arduratsuen arteko zubi lanak eraikitzea bultzatzen dute, Nafarroa hegoaldeko tokiko produktuen ekoizpena laguntzea eta bertako euskalgintza suspertzea. Kanpaina honetan hain zuzen, ekoizleen euskalduntzean jarri nahi dute arreta. "Ekoizleen komunitatearengan jarriko dugu arreta. Aurrekoan kontsumitzaileen elkarketak dakartzan onurei buruz hitz egin genuen antzera, oraingoan ekoizleen baturaren onurez mintzatuko gara, euskararengan arreta berezia jarriz. Beti esan izan dugu, ekarpen ekonomikoaz haratago, Errigoraren jardunak euskarari on egiten diola. Bada, kanpainari hasiera emateko, baieztapen hau ekoizleen konpromiso berriekin hezurmamituko dugu, datozen hilabeteetan, elkarlanean, ekoizleen web gune guztiak euskaratuko ditugu eta".

Errigoraren berri: errigora.eus