Maiatzeko azken ostirala gaur. Euskal preso, iheslari eta haien senideen eskubideen alde mobilizatzeko eguna. Elkarretaratzea arratsaldeko 20:00etan Mikel Laboa plazan, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta.
Herriko presoak gogoan, Sagardo Egunez
Aurreko igandean ospatu genuen 35. Sagardo Egunez egin ziren ekimenen ostean dator, ostiral honetako elkarretaratzea. Jai egun handi honetan, elkartasunerako tarterik ere izan zen, Ernai Usurbilek Mikel Laboa plazan kokatu zuen txosnagunean. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta, herrian falta ditugun Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga eta Xabier Aranburu "Xomorro" herriko presoen etxeratzea eskatu zuten lehenbizi elkarretaratze bidez. Gero, falta ditugun herritarron aldeko topa egin zuten sagardo tragoekin, karpa barruan. Eta azkenik, Olatz Lasagabasterren urtebetetzea dela eta, zorion agurrerako argazkia atera zuten. Beste urtemuga bat ere gogoan izan zuten; Xomorrorena. Aspaldi kalean behar zuen arren, aginagarrak 25 urte beteko baititu espetxean datorren abuztuan.