2 egun baino ez, osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako mobilizazio egun handirako. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak iganderako Donostiako Onkologikotik Foru Aldundiko egoitza aurrera antolatu duen giza-katerako izen emateko azken egunak dituzue honako hauek. Deitzaileek lehenbailehen apuntatzeko deia egina dute.
"Datorren igandean osasunaren alde eta erraustegiaren kontra Onkologiko eta Diputazio bitartean egingo den giza-katerako konpromiso-bilketa erritmo onean doa. Dena dela, egun gutxi geratzen dira eta Mugimenduak herritarrei dei egin nahi die izena lehenbailehen eman dezaten. Gipuzkoan erraustegiari aurre egiteko pilatzen ari diren borondateak eta indarrak gero eta handiagoak dira eta, aurreikuspen guztien arabera, Onkologikotik Diputaziora doan ibilbidea jendez beteko dugu. Izan ere, dagoeneko ehunka eta ehunka dira iganderako konpromisoa hartu duten herritarrak. Hala ere, antolakuntza-lanak ahalik eta txukunen burutu ahal izateko, aldez aurretik izen ematea eskatzen dugu. Ibilbidea 9 gunetan banatua dago, eta Gipuzkoako eskualde bakoitzari zati bat egokitu zaio. Izena aldez aurretik emateko helburua da parte-hartzaileak ibilbidean zehar era orekatuan banatua egotea", ohartarazi du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak.
Oraindik izena eman ez duten herritarrei, giza-katera batzera deitzen diete antolatzaileek: "Igandean Gipuzkoan ikusiko da zein den Zubietako erraustegiak eragiten dituen samina eta kontrakotasuna. Erraustegiaren eraikuntza kosta ala kosta aurrera eraman nahi duenak entzun beharko gaitu. Igandean erraustegiaren aurka gaudenok ezinbesteko hitzordua dugu, atera gaitezen kalera!".
Maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea
Adi izen emateko egunotarako eginak dauden deialdiei:
Maiatzak 27, ostirala arte
NOAUA!n ere giza-katerako izen emateko aukera. Eta noiznahi, erraustuez.org atarian.
Maiatzak 27, ostirala
17:00-19:00 Maiatzaren 29ko giza-katerako izen emate mahaia Zubietako plazan.
19:00etan hasita, maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea Usurbilgo Sutegi ondoko mahaian.
Maiatzak 28, larunbata
12:30tik aurrera, maiatzaren 29ko giza-katerako izen ematea Usurbilgo Sutegi ondoko mahaian.
Maiatzak 29, igandea
11:30 Osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako giza-katea Donostian, Onkologikoan hasi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza pareraino.
Luzeera: 5 kilometro inguru.
Gutxieneko beharrezko parte hartzea: 5.000 lagun.
13:00 Ekitaldia Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza aurrean, Donostiako Gipuzkoa plazan.
Antolatzailea: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.