Prekarietatearen aurkako ekimen astea deitu du LAB sindikatuak

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 27a, 20:43

Prekarietatearen aurkako borroka astea deitu du LAB sindikatuak egunotarako. Larunbat arratsaldeko 17:30etan Bilbon deitua duten manifestazioarekin abiatuko dira ekimenok. Datorren astean zehar, hitzordu gehiago deitu dituzte eskualdean, tartean Usurbilen. "Egunak joan eta egunak etorri, lantokietan bizi dugunak ez du itxura onik ez eta hoberantz egingo duenaren joerarik ere. Izan industriako soldatapeko langile, ingeniari, lantoki txikietako aprendiz, kale garbitzaile edo autobus gidari. Langileria osoa barnebiltzen du bere baitan prekarietatearen sareak. ETTak, behin-behinekotasuna, lanaldi partzialak, praktiketako kontratuak, azpikontratak, soldata baxuak, hitzarmenik aplikatzen ez zaien langileak, langabezia egoerak, EREak...", gogorarazi du LAB sindikatuko kideek, datozen egunotarako ekimenak aurkezteko, ostiral arratsalde honetan Lasarte-Oriako Okendo plaza ondoan egin duten agerraldian.

Egoera honekin nazkatuta daudela diote. "Kokoteraino ordu extrataz, mugarik gabeko lanaldietaz, pentsio duin bat ez izateaz, diskriminazioaz, mehatxuez, lana ez izateaz, lan baldintza kaxkarrez, istripuez... Botere ekonomikoak, patronalak, eta eserleku erosoetan dauden hainbatek egoera hau iraunaraztea besterik ez dute buruan, langileria prekarizatu eta sumiso baten gainean, haien poltsikoak geroz eta gehiago betetzen jarraitzeko bidean eta eredu kapitalista-patriarkal hau mantentzeko asmoz", salatu dute.

Egoera honen aurrean zer egina eta non eragina badela gogorarazten dute. Borrokarako espazio berriak eraiki behar direla irizten diote, "norbere baitatik hasita, langabetuen asanbladetatik, lantokietatik, kaletik, auzotik, herritik, bultzatu behar ditugu geure eskubideen aitortza, lan baldintzen hobetzea eta bestelako eredu bateranzko bidea. Eskuz esku, elkarlanean jorratuz, borrokatuz, indartuz eta lortuz. Bideak batuz", adierazi dute.

Horretarako antolatu dute borroka astea, pobrezia eta prekarietateari aurre egin eta lana eta aberastasuna banatzearen alde. Deitu dituzten ekimenotan parte hartzera deitzen dute jendartea:

Prekarietatearen aurkako Borroka Astea

Maiatzak 28, larunbata

17:30 Manifestazio nazionala Bilbon, prekarietatearen aurka eta lana eta aberastasuna banatzearen alde; 1200 euro+35 ordu. Lau zutabe abiatuko dira hiriburuko puntu ezberdinetatik eta Moyua plazan elkartuko dira. Gipuzkoako zutabea Zubiartetik abiatuko da.

Maiatzak 30, astelehena

19:30 Elkarretaratzeak Usurbilgo Mikel Laboa plazan, Lasarteko udaletxe zaharraren parean eta Hernaniko Zinkoenean.

Ekainak 2, osteguna

19:00 Mahai ingurua, Hernaniko Biteri kultur etxean. Parte hartzaileak: LAB, Ernai, Bilgune Feminista eta Sortu.

Ekainak 3, ostirala

10:00 Kotxe karabana Ingemar lantegitik abiatuta.

19:30 Manifestazioa, Lasarteko Okendo plazatik abiatuta.

Deitzailea: LAB sindikatua.