5. urtemuga ospatu du Agirretxe Taldeak

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 28a, 07:25

Gogotik ospatu du Imanol Agirretxeren eta Realaren aldeko taldeak, orain bost urte sortu eta martxan jarri zutela. Trikitilari eta bertsolariekin, tabernaz taberna ostiral arratsaldean egin zuten poteoan lehenik, eta Saizar Sagardotegian afari baten bueltan gero. Jendetza batu zuten ospakizunek.

Agirretxe Taldekoak pozik ziren urtemuga honetan, taldeak izan duen ibilbidearekin eta baita urteurrenak izandako arrakastarekin ere. Orain arte, bazkideen artean ospatzen zuten egun hau. Aurten bazkide ez direnek ere gerturatu ahal izan dute festara, eta azkenerako, koadrila ederra batu zen.

Agirretxe Taldea osasuntsu dagoela argi utzi zuten atzokoan. Ia 100 lagunek osatzen dute bilgunea. Berak lehen pertsonan eta Realak jasotzen duen babesarekin pozik agertu zen baita, ospakizunetara gerturatu zen Imanol Agirretxek. Afalaurretik hitz batzuk esateko tartea eskaini zioten futbolari usurbildarrari. Agirretxek eskerrak helarazi nahi izan zizkien bertaraturikoei.

"Eskerrik asko denoi etortzeagatik. Orain arte, jai hau bazkideen artean ospatzen genuen. Aurtengoa bosgarren urtemuga izanda, iruditzen zitzaien talde kideei eta baita niri ere polita izango zela, herritar eta lagun guztiei zabaltzea. Azkenean talde guztitik aparte, herri osoan ere babes handia jasotzen dut. Usurbildarrak ez diren batzuk ere etorri dira, lagun asko. Eskerrik asko denoi, ematen duzuen babesagatik, gaur hona etortzeagatik, niretzako hain berezia den egun hau neurekin, gurekin ospatzeagatik. Eskerrik asko eta segi horrela!", adierazi zien Agirretxek Saizar Sagardotegian afaltzeko prest izan eta txalo artean hartu zuten zaletuei.