Babes zabala jaso du, erraustegiaren aurkako giza-kateak

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 28a, 12:00

Eragile sozial, sindikal eta politiko ezberdinek bat egin dute, igande honetarako, maiatzaren 29rako, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak osasunaren alde eta erraustegiaren aurka Donostian deitu duen giza-katearekin. Baita noski ingurumen alorreko eragileek ere; tartean, erraustegiaren aurka azken hilabeteotan sortzen joan diren herri plataformek, baita zero zabor mugimenduak ere. "Igandekoa mobilizazio berezia izango da (erraustuez.org) eta erronka handia, bai parte hartze zein antolatze aldetik. Alabaina, sustatzaileek eutsiko diotela sinestuta daude, erraustegiaren proiektuak gipuzkoarren artean sortu duen ondoeza ikusita", ohartarazi dute antolatzaileek.

Donostiako Onkologikoa Foru Aldundiko egoitza aurrearekin lotuko duen mobilizazioaren bidez, "irudikatu nahi dugu gai honekin minimoki interesatu den edozeinek dakiena, baita jendaurrean dakiten hori ukatzen dutenek ere. Alegia, badaudela datu zientifiko sendoak esateko hondakinak erretzea asoziatzen dela minbizi-kasuen eta hilkortasunaren handitzearekin, baita beste hainbat gaixotasunen ugaltzearekin ere, erraustegi batetik 10 kilometroko inguruan bizi den populazioan. Erraustegia pertsonen osasunerako zein ingurumenerako arriskutsua da. Gainera, garestia da (mila milioi baino gehiago 35 urtetan); alde horretatik, belaunaldi hau ez ezik gure seme-alabena ere hipotekatuko du. Eta hori gutxi balitz, birziklatze-bidean zein ekonomia zirkularreko bidean aurrera egitea ere oztopatzen du".

Giza-katerako hautatu den abiapuntua eta helmugaren zergatia gogorarazi du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. "Zergatik hasi Onkologikoan? Ez dugulako han bukatu nahi. Zergatik bukatu Foru Aldundian? Bertan has daitekeelako behar baino pertsona gehiago Onkologikoan bukatzera eraman ditzakeen bidea".

Atxikimenduak

Aiztondoko plataforma (Villabona, Zizurkil, Aduna, Alkiza, Asteasu eta Larraul)

Astigarraga Zero Zabor

Eguzki

Ekologistak Martxan

Erraustegiaren aurkako Usurbilgo Taldea

Erraustegia Erabakia (Usurbil)

Errausketaren kontrako Koordinadora

Greenpeace

Haritzalde Naturzaleen Elkartea

Hernanin Zero Zabor

Ipar Haizea (Andoain)

Lasarte-Orian Aire Garbia

Oñati Zero Zabor

Tolosa Zero Zabor

Usurbilgo Zero Zabor

Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkartea

Zubietako Herri Batzarra

EH Bildu

Equo

Ernai

Ezker Anitza-Izquierda Unida

Gazte Abertzaleak

Irabazi

Podemos Euskadi

Sortu

CCOO de Euskadi

ELA

ESK

LAB

Giza-kateari buruzko informazio gehiago: erraustuez.org