"Arriskua benetakoa da, hor dago eta guri eragin digu". 20 urtez erraustegiarekin elkarbizitzeak ekarri dien kalteaz ari da. Hitz gogorrak, baina are gogorragoa Clara Perales lehen pertsonan bizitzen ari dena. Rivas, Madrilgo udalerrian bizi da 80. hamarkadaz geroztik. Udalerri zoragarria dela dio, bizitzeko perfektua, 90. hamarkadan etxetik gertu, azken hilabeteotan gure artean ezagun egin den Valdemingomezeko erraustegia eraiki izan ez baliote.
1995ean erraustegia martxan jarri eta berehala hasi zen Clara osasun arazoekin. Alergiekin lehenbizi. Bere egoera okertuz joan zen denborarekin, bronkioetako arazoak izateraino. Fibromialgia zuela ere detektatu zioten; baina albisterik gogorrena duela urte gutxi jasoko zuen. Ez hitz goxo eta modu onenean gainera. Erraustegiak areagotu ditzakeen gaixotasunen zerrenda beltzean ageri den eritasunetako bat zuela adierazi zioten; linfoma mota bat zuela. Odoleko minbizia, laugarren fasean, fase aurreratuan. Ezin zioten ebakuntzarik egin. "Shock-tratamendu" bat behar zuen. Eta tratamenduan segitzen du, amaitzeko 4 saio falta omen zaizkio. Ez da bakarra. Peralesek azaldu digunez, egun 80.000 biztanle dituen udalerriko bere auzunean, urbanizazio batean 10 etxebizitzetatik bostetan kolpatu du minbiziak. Bost lagun gaixotu dira; haietatik bi hil dira, hiru tratamenduan daude. Jende gehiago gaixotu dela dio ingurune berean.
Salaketa, mugimenduarentzako pizgarri
Etor zitekeena ikusita, hasieratik gogotik borrokatu ziren erraustegiaren aurka Rivasen. Hainbat mobilizazio eginak dituzte, 10.000 sinadura biltzera heldu dira. Baina ezerk ez zuen saihestu azkenean, duela bi hamarkada, erraustegia eraiki eta martxan jartzea.
Ez dute etsi ordea, eta 20 urteren ostean bada ere, heldu zaie albiste itxaropentsua; 2008an erraustegi honi emandako baimen bateratuaren aurka 36 gaixok aurkezturiko salaketa tramitera onartu du Madrilgo epaitegi batek eta Madrilgo Ingurumen Saileko kargu altudun ohi bat auziperatzea lortu dute baita. Clararen esanetan orain, aipatu auzitegiak hartutako erabakiak, haien kasuan Rivas Aire Limpio herri plataforma erraustegiaren aurka bideratzen ari den mugimendua indarberritu du.
Erraustegia ixteko ahalegin honetan, zoritxarrez, 36 lagunotatik 15 lagun hil dira jada. Gainerakoek borroka bikoitza daramate; batetik pertsonala, gaixotasunari aurre egiten ari baitira; eta kolektiboa, gertu duten erraustegia behingoz ixtea eskatzen segitzen baitute. Eskaera hau luzatua diote, Madril hiriburuko Udalari ere, udal honen lurretan kokatua baitago erraustegia. Clarak kontatu digunez, 2020ra arte martxan segitzeko baimena du Valdemingomezeko plantak. Ordurako, batetik osasun eta ingurumen alorreko azterketa sakon bat egitea eskatzen dute. Eta bestetik, 2020ra arte itxaron gabe, bestelako hondakinen kudeaketa ereduak lantzen eta sustatzen hastea. "Bestelako eredua bada eta funtzionatzen du", adierazi digu Clarak.
"Bukaeraraino borrokatuko dut"
Gure artean da egunotan, kemen handia eta borrokatzen segitzeko gogobetez dagoen emakumea. GuraSOS mugimenduak asteburuan antolatu zituen jardunaldietan bere lekukotzaren berri eman zuen. Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere izan zen aste hasieran, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldekoekin batera. Ostegun honetan, Usurbilgo Udalak harrera egin dio eta bertan partekatu du bere esperientzia, lerrootan laburbildu dizueguna. Aldaketarik ez bada, igandean Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deitu duen giza-katean parte hartuko du.
Berez, bere osasun egoeragatik esfortzu handiegirik egitea ez zaio komeni. Berez, berarentzat infekzio-foku izan daitekeen edozein lekutan maskara bat jantzita eraman beharko luke. Ez zaizkio komeni joan etorri asko, baina bere osasun egoeraren gainetik, argi du; "neure buruari borrokatu behar dudala proposatu diot". Zergatia hitzokin laburbiltzen du; "erraustegiak inor gaixotu dezakeela pentsatzea ezin da onartu". Bizi kalitatea ostu diotela salatzen du. Eta galdera bat darabil buruan etengabe; bere 3 urteko biloba hazten ikusi nahi du, baina orain ze espektatiba izan ditzakeen jakin nahi du. "Neure biloba hazten ikusi ahalko dut? Ze eskubiderekin kendu didate aukera hori? Asaldatzekoa da, hau bidegabea da". Honekin guztiarekin, kaltetu bakar bat ere ez dugula behar argi eskatzen du Clarak, are gutxiago batzuen interes ekonomikoak asetzeko eraiki nahi diguten erraustegi batengatik.
GuraSOS mugimenduak antolaturiko jardunaldietan zioenez, berak bizitakoa ez dio inori opa, eta ahal duen neurrian, borrokatu eta laguntzeko prest dago. Erraustegia geratzeko mobilizatzera animatzen ditu herritarrak; erraustegia eraikitzeke dagoenez, garaiz gabiltzala. "Bukaeraraino borrokatuko dut, zuek bezala, erraustegia geratzea lortu nahi duen jende guztia babesteko", adierazi zuen Clarak. Txalo zaparrada artean agurtu zuten. Lekukotza hunkigarri bezain gogorra, albiste honi atxikitako bideo honetan duzue osorik. Aldaketarik ez bada behintzat, Clara Peralesek ere igandeko osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako giza-katean parte hartuko du.