Gazte eta langileen mugimenduak ere, erraustegiaren aurkako giza-katearekin bat eginik

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 28a, 11:28

Iganderako, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Donostiako Onkologikotik Gipuzkoa plazara antolatu duen giza-katerako atxikimendua adierazi dutenen artean da Ernai Usurbil gazte erakundea. Albiste honi atxikitako bideoa plazaratu dute Usurbilgo gazteek, Buruntzaldekoekin elkarlanean. Honako argazkia ere atera dute, ez Zubietan ez inon erraustegirik ez dutela nahi adierazteko.

LAB sindikatua: "Giza-katean parte hartzeko deia egiten die langileei"

Maiatzaren 29ko mobilizazioarekin bat egin du LAB-ek eta langileak Donostiako ekimenean parte hartzera deitzen ditu. "Errausketa jarduera kutsatzailea da, herritarren eta langileon osasunaren aurka jotzen du bete betean. Guztiz frogatuta dago errauskailuetatik hurbil bizitzeak minbizia izatearen aukera biderkatzen duela, beraz, zer esanik ez errauskailuan lan egiteak. Honen aurka kalera aterako gara igandean", adierazi dute ohar bidez. Erraustegiaren aurka eta alternatiben aldeko jarrera berretsi du sindikatuak. "LAB oposizioan izan da urte hauetan errauskailuaren proiektuaren aurrean. Gure aldarrikapen eta apustuak garbiak dira: hondakinen produkzioa gutxitzearen aldekoak gara, birziklatzea eta berrerabiltzea biderkatu behar dira, hondakinei beste trataera bat ematearen aldekoak gara, zabortegi toxikoen aurrean. Beste edozein alternatiba aztertu eta bilatzearen aldekoak gara. Beste alternatiba horiek enplegu sortzaileak direla frogatuta dago gainera", adierazi dute sindikatutik.

Beste hainbat eragile eta herritarrek egin duten moduan, LAB sindikatuak ere Eusko Jaurlaritzak erraustegia eraikitzeko GHK-ri emandako ingurumen baimen bateratuaren aurkako errekurtsoa aurkeztua du.

ELA sindikatua: "Errausketarekin Gipuzkoako Aldundiak negozioari ematen dio lehentasuna, osasunaren aurretik"

Igandeko giza-katearekin bat egin duten eragileen artean da ELA sindikatua. Erraustegiaren aurka agertu da beste behin. "ELAk ez du erraustegia hondakinen kudeaketarako azpiegitura gisa onartzen, inongo kasuan, ez hiri hondakinentzat ezta zementu fabriketan erretzen diren hondakinentzat. Ingurumenarentzat eta osasunarentzat kaltegarriak diren azpiegiturak direlako, eta gainera beste azpiegitura iraunkorragoak baino garestiagoak", adierazi dute ohar bidez. Alternatiben aldeko apustua egiten dute sindikatutik. "ELAren iritziz Gipuzkoako hondakinen kudeaketa iraunkorra aurrera eramateko beharrezkoak diren azpiegiturak eraiki behar dira: organikoarentzat konpostaje zentroak, beste hondakin motak kudeatzeko zentroak, bereizi gabe jasotzen diren hondakinentzat tratamendu mekaniko-biologikorako zentroa (TMB), eta birziklatu ezin diren hondakinak inertizatzeko eta biltegiratzeko azpiegiturak (zabortegi egokiak)", berri eman dute ELA-tik. Gipuzkoako hondakinen kudeaketari buruzko balorazio sakonagoa egin dute, aste honetan bertan aurkeztu duten txostenean.

Eguzki: "Gipuzkoarrok proiektu honi ezetz esateko aukera berri bat izango dugu igandean"

"Zita garrantzitsua da", adierazi du giza-katearekin bat egin duen Eguzki talde ekologistak. "Helburua errausketak osasunean eragiten dituen kalteak salatzea da", gaineratu dute. "Ez erraustegia ezta inposaketa ere onartzen ez dugun gipuzkoarrak askoz gehiago garela erakusteko ardura dugu", gogorarazi dute, "hurrengo 35 urteotan ekonomikoki eta osasun aldetik hipotekatzeko Aldundia garatzen ari den politika inpositiboaren aurrean".