Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak iganderako antolatu duen giza-katerako prest du ia guztia. Bai egitaraua, baita gainerako antolaketa lan gehienak ere. Jendetza espero da eta honenbestez, "antolakuntzaren aldetik honek eskatzen duen erronkari aurre egiteko prestatzen ari gara". Giza-katera hurbilduko zaretenok, bidean aurkituko dituzuen bolondresei kasu egiteko deia egin dute. "Antolakuntza lanetan dozenaka lagun jardungo dira, eta behar bezala identifikatuak egongo dira. Herritarrei dei egiten diegu antolakuntzako kideen irizpideak jarrai ditzaten. Batez ere ibilbidean zehar dauden bidegurutzetan", ohartarazi dute.
Giza-kate jendetsua izatea espero dute. "Milaka lagun dira dagoeneko igandeko giza-katean parte hartzeko izena eman dutenak, Gipuzkoako herri eta auzoetan jasotako tiketak eskuratuta edo interneten bidez izena emanda. Eta azkeneko ordu hauetan herritarrek izena ematen jarraitzen dute oso erritmo onean", berri eman dute.
600 atxikimendu gutxienez, Usurbilen eta Zubietan
Oraindik ere behin betiko datuak falta diren arren, atzora arte 520 txartel banatu ditu Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldeak. Zubietan 134 izen emate bideratu dituzte. Honez gain, erraustuez.org atariaren bidez egin diren inskripzioak batu behar dira. Baita larunbat honetan, aipatu taldea Sutegi ondoan jartzekoa zen mahaian bildutako atxikimenduak ere.
Trenez joateko deia
Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldeak trenez joateko deia zabaldu du. Igande goizeko 10:24ko trena hartzeko gonbita egin dute. Puntalak izatea eskatzen dute, trena ere puntual heldu eta joango baita Donostiara.
Giza-kateko mezua, Onkologikotik Diputaziora
Igande goizeko 11:30etarako dagokizuen giza-kate eremuan kokatu. Gogoan izan; Londres Hoteletik Bulebarrerako kioskorako eremua astigartar eta usurbildarrena izango dela. Kiosko horretatik Gipuzkoa plazarako tartean, usurbildar eta zubietarrak kokatuko dira. Izen emate txartelean adierazia duzue ze eremutant kokatu behar duzuen. Ordu laurden beranduagorako kateak osatua egon beharko du. "12:00etan Onkologikotik mobilizazio honen mezu nagusia daramakien bizikleta abiatuko da eta, gune guztietatik pasatu ostean, 12:30ak inguruan Diputaziora iritsiko da. Bizikletaren atzetik kotxe elektrikoa joango da, “kotxe-eskoba” funtzioa beteko duena. Kotxea pasa ostean, giza-katea desegiten joango da eta parte-hartzaileak Gipuzkoa Plazarantz abiatuko dira. Ibilbidearen gune desberdinetatik datozen parte-hartzaile guzti-guztiei Gipuzkoa plazaraino iristeko denbora utziko zaie", ohartarazi dute.
13:00etan hasiko da giza-kate osteko ekitaldia. "Ekitaldi xume bezain mamitsua izango da. Lehenik eta behin, Onkologikotik datorren mezua irakurriko da. Ondoren errausketaren ondorioak pairatu dituen pertsona batek hitz egingo du eta, bukatzeko, Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik Giza-Kate honen bidez gizarteari, agintariei, enpresei eta alderdi eta eragileei mezu bana bidaliko zaie", iragarri dute.
Bukatzeko pare bat ohar; ekitaldi hau antolatzeak eragingo dituen gastuei aurre egiten lagundu nahi baduzue, sartu erraustuez.org atarian. "Paypal" sistema abiatu dute, diru-laguntza biltzeko. Bestetik, anbulantzia zerbitzua izango da igandean "eta antolakuntza eta udala elkarlanean ari dira, herritar guztien segurtasuna bermatzeko neurriak hartzen".
Egitaraua
Maiatzak 29, igandea
10:24 Usurbildik Donostiara trenez joateko deia.
11:30 Eskualde bakoitzari egokitu zaion lekuan bildu.
11:45 Giza katea osatzen hasi.
12:00 Lekukoa Onkologikotik abiatuko da.
12:30 Lekukoa Gipuzkoa aplazara iritsiko da.
12:30 Gipuzkoa plazan kantariak, margolanak, jokoak, batukada...
13:00 Diputazioaren aldamenean, ekitaldiaren hasiera.
13:30 Amaiera.
Antolatzailea: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.