"Aurreikuspenak oso modu nabarmenean gainditu dira"

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 29a, 16:56

Gutxienez 5.000 lagun behar ziren osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako igande honetako giza-katea osatzeko. Gutxieneko kopurua aise gainditu du gaurko mobilizazioak. Milaka lagun lotu dira eskua emanda, Donostiako Onkologikoa Foru Aldundi aurreko Gipuzkoa plazarekin lotu duen giza-katera. "Antolatzaileok kalkulatu genuen Onkologikoa eta Diputazioa giza-hari batekin lotzeko, bataz beste 5.000 lagun beharko zirela, baina hari hori zati askotan hirukoiztu eta beste askotan mataza izan da. Beraz, otsailean Zubietako Martxan gertatu zen bezala, aurreikuspenak oso modu nabarmenean gainditu dira", jakinarazi dute ohar bidez.

Giza-katea hasi aurretik, mobilizazioak iraun duen artean, eta baita gero ere, ederki girotu dute mobilizazioa. "Kate osoan animazio handia izan da. Gipuzkoa Plazan, berriz, La Jodederak, Mikel Kartonek eta berrogeita hamar emakume inguruk osatutako batukada erraldoi batek alaitu dute giroa. Horma-irudi bat ere margotu da, zeinean, umorez, Gipuzkoako armarriko hiru haginak tximiniek ordezkatu dituzten", berri eman dute antolatzaileek. Honatx Gipuzkoa plazako oholtza gainetik, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak atera ahal izan duen argazkia, giza-kate amaierako ekitaldian.

"Denon artean geldituko dugu"

Gizarteari, agintean direnei, enpresei, alderdi eta eragileei mezu bana helarazi die Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, giza-kate amaieran. Gizarteari, "Gipuzkoak ez du errausketarik behar" eta inork ez duela nahi etxe ondoan adierazteko. "Badakizu txosten epidemiologikoek zer dioten: erraustegiak minbiziaz hiltzeko arriskua dakar. Zuretzat nahi ez duzun hori ez ezazu onartu beste gipuzkoarrentzat ere. Lagun gaitzazu. Olatua handitu besterik ez da egingo aurrerantzean eta zure laguntza ere behar dugu. Denon artean geldituko dugu", adierazi du Teresa Lopez de Munainek irakurri duen adierazpenean.

Agintean direnei, erraustegia eraikitzeko interes handiak dituztela adierazi die, eta ez bakarrik jendaurrean adierazten dituztenak. "Interes handiak behar dute izan, herritarren osasuna arriskuan jarri eta etorkizuneko belaunaldiak hipotekatzeko". Entzuteko eskatu diete, gaur giza-katean bildutakoei entzuteko. "Erraustegia ez den hondakinak kudeatzeko alternatibak badira. Zuekin gai honi buruz hitz egiteko prest gaude. Baina erraustegia jartzeko tematzen bazarete, aurrez aurre izango gaituzue. Determinazio osoz proiektu horren aurka egongo gara. Ez dizuegu utziko besterik gabe, gure eta gure seme-alaben osasuna arriskuan jartzea", ziurtatu dute.

"Zuen konpromisorik irmoena eskatzen dizuegu herritarron osasunarekiko"

Enpresei, herritarron osasunaren bizkar negozirik ez egiteko eskatu diete. "Gure osasunak eta gure seme-alabenak, zuen negozioaren irabazi guztiek baino gehiago balio du", adierazi diete. Erraustegiaren aurkako borrokak etenik ez duela izango ohartarazi die. "Ondo pentsatu non sartzen ari zareten. Erraustegia eraikiko balitz ere, ziur egon itxi arteko onik ez dugula izango", iragarri dute. Gaineratu dutenez, "tximinia altxata, herritarrok guztia irentsiko dugula uste baduzue, oso oker zaudete".

Azken mezua, alderdi eta eragileei helarazi nahi izan diete. Erraustegiarena, Gipuzkoako osasun arazo larrienetakoa dela gogorarazita, "espero dugu erronkaren tamainako erantzuna zuen aldetik. Zuen konpromisorik irmoena eskatzen dizuegu herritarron osasunarekiko. Zaudeten tokian zaudetela, gobernuan edo oposizioan: erraustegia baztertu eta beste bide alternatiboen alde egingo duzuela espero dugu. Ez legea, ez 'ad hoc' prestatutako mankomunitate eta GHKren estatutuak ez direla oztopo izango erraustegia ez egiteko, eta eginda egongo balitz ere, ixteko bidean jartzeko. Herritarrok ondoan izango gaituzue bide horretan".