Gizarteari, agintean direnei, enpresei, alderdi eta eragileei mezu bana helarazi die Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, giza-kate amaieran. Gizarteari, "Gipuzkoak ez du errausketarik behar" eta inork ez duela nahi etxe ondoan adierazteko. "Badakizu txosten epidemiologikoek zer dioten: erraustegiak minbiziaz hiltzeko arriskua dakar. Zuretzat nahi ez duzun hori ez ezazu onartu beste gipuzkoarrentzat ere. Lagun gaitzazu. Olatua handitu besterik ez da egingo aurrerantzean eta zure laguntza ere behar dugu. Denon artean geldituko dugu", adierazi du Teresa Lopez de Munainek irakurri duen adierazpenean.
Agintean direnei, erraustegia eraikitzeko interes handiak dituztela adierazi die, eta ez bakarrik jendaurrean adierazten dituztenak. "Interes handiak behar dute izan, herritarren osasuna arriskuan jarri eta etorkizuneko belaunaldiak hipotekatzeko". Entzuteko eskatu diete, gaur giza-katean bildutakoei entzuteko. "Erraustegia ez den hondakinak kudeatzeko alternatibak badira. Zuekin gai honi buruz hitz egiteko prest gaude. Baina erraustegia jartzeko tematzen bazarete, aurrez aurre izango gaituzue. Determinazio osoz proiektu horren aurka egongo gara. Ez dizuegu utziko besterik gabe, gure eta gure seme-alaben osasuna arriskuan jartzea", ziurtatu dute.
"Zuen konpromisorik irmoena eskatzen dizuegu herritarron osasunarekiko"
Enpresei, herritarron osasunaren bizkar negozirik ez egiteko eskatu diete. "Gure osasunak eta gure seme-alabenak, zuen negozioaren irabazi guztiek baino gehiago balio du", adierazi diete. Erraustegiaren aurkako borrokak etenik ez duela izango ohartarazi die. "Ondo pentsatu non sartzen ari zareten. Erraustegia eraikiko balitz ere, ziur egon itxi arteko onik ez dugula izango", iragarri dute. Gaineratu dutenez, "tximinia altxata, herritarrok guztia irentsiko dugula uste baduzue, oso oker zaudete".
Azken mezua, alderdi eta eragileei helarazi nahi izan diete. Erraustegiarena, Gipuzkoako osasun arazo larrienetakoa dela gogorarazita, "espero dugu erronkaren tamainako erantzuna zuen aldetik. Zuen konpromisorik irmoena eskatzen dizuegu herritarron osasunarekiko. Zaudeten tokian zaudetela, gobernuan edo oposizioan: erraustegia baztertu eta beste bide alternatiboen alde egingo duzuela espero dugu. Ez legea, ez 'ad hoc' prestatutako mankomunitate eta GHKren estatutuak ez direla oztopo izango erraustegia ez egiteko, eta eginda egongo balitz ere, ixteko bidean jartzeko. Herritarrok ondoan izango gaituzue bide horretan".