Xabier Mitxelena (OEIT): "Ardura printzipioa aplika dezatela"

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 29a, 15:53

Osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako giza-katearekin bat egin dutenen artean zen, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea (OEIT). Taldearen izenean, Xabier Mitxelena medikuak hartu du hitza. Donostiako Onkologikoan kutxa batean sartu eta bizikletaz Gipuzkoa plazara garraiatu duten ezkutuko mezua irakurtzea egokitu zaio. Arduraz jokatzeko eskatu die agintariei. "Ardura printzipioa aplika dezatela. Kasu honetan aplikazio honek erraustegia ez egitea suposatzen du". Honatx irakurri duen adierazpena, bere osotasunean:

Egunon guztioi!

Arrazoi asko entzun ditugu erraustegien aurka. Guk, medikuak garen heinean, bat azpimarratu nahi dugu: erraustegiak osasunerako kaltegarriak dira. Nazioarteko foro zientifikoetan argitaratutako hainbat eta hainbat ikerketa aztertu eta gero, hau ondorioztatu dugu:

erraustegi baten inguruan bizi diren herritarrek malformazio, aborto, minbizi eta heriotza tasa altuagoak dituzte. Behin eta berriz ematen da emaitza hau, erraustegi zaharrekin eta baita erraustegi modernoekin ere. Ikerketak publikoak dira eta jakin nahi duen edozeinentzako eskuragarriak daude datu base zientifikoetan, baita politikoentzako ere.

Beste aldetik, informazio hau guztia, publikoa dena, ezkutatu egiten da. Ez zaie interesatzen herritarrek hau jakitea, erraustegia egin nahi dutenek baitakite herritarren osasunarengan eragina izango duela.

Erraustegiaren alde egitea osasunaren aurka egitea dela uste dugu. Ez dugu nahi, utzikeriaz, amiantoak sortu dituen arazo larrien bide berdinetik joan nahi datozen urteetan. Izan ere, orain ikusten ari gara amiantorekin lan egin duten langile asko minbiziaz hiltzen.

Honengatik guztiagatik, profesional arduratsuak eta herritar kezkatuak bezala, zera eskatzen diegu agintariei:

Lehenik, egia. Zintzotasunez joka dezatela. Onartu dezatela ikerketa hauek guztiak eginak daudela eta emaitzak hauek direla.

Bigarrengoz, hauen aurrean, ardura printzipioa aplika dezatela. Kasu honetan aplikazio honek erraustegia ez egitea suposatzen du.

Guk garbi daukagu, ERRAUSTEGIRIK EZ, EZ ZUBIETAN, EZ INON.

Mila esker…!!!