Gipuzkoa Zutik: "Gipuzkoa plaza hartu dugu dozenaka herritarrek"

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 29a, 14:09

Gipuzkoa Zutik ekimenetik azken egunotan eginiko deialdiari erantzunez, Foru Aldundi aurreko Gipuzkoa plaza hartu dute gutxienez 200 lagunek. "Erraustegia sinbolo hartuta, aberatsenen alde egiten ari diren politika gelditu nahi dugu. 24 orduz bertan egongo gara eta laguntza beharko dugu gauean, goizean, arratsaldean... bertan elkarrekin borrokatzeko. Ustelak lurpera, bizitza da handiena. Denon artean, Gipuzkoa Zutik. Zabaldu lagun guztiei mesedez eta donostiarrak etorri lotara!!", deitu dute sare sozialen bidez.

Arratsaldean egin dute lehen batzarra. "Partehartzea eredu, asanbladan eskuz esku doa mikrofonoa. Bakoitzak etortzera bultzatu duen ideia edo arrazoia azaltzen du, eta zer espero duen hemendik sortzea. 200 pertsona gaude Gipuzkoa Plazan asanblada irekian. Taldeka eztabaidatu ondoren ateratako ideiak konpartitzen ari gara. Denok gaude beldurtuta legealdiaren apisonadora hasiera honekin", adierazi dute Facebook sare sozialean duten orrialdetik.

Irudia: Gipuzkoa Zutik.

M29 EZ GOAZ ETXERA!!

"Hemen oso ondo bizi da..." biztanleen %1-a, lauzpabost familia. Eta horiek hurrengo hiru belaunaldietan kolpe zorrik jo gabe ongi bizitzen jarraituko dute, denon diruarekin beren interesei bakarrik erantzuten dieten proiektuak aurrera ateraz. Oso erraza da. Bost axola astakeria guzti hauek ordaintzen ari garenak prekarioak, etxetik kaleratuak, langabetuak garen. Berdin zaie airea, lurra eta janaria pozoitzea.

Eta guk hemen ongi bizi nahi dugu... baina herritarron %100. Eta hil ere zahardadez hil nahi dugu. Bonba kimiko-biologikoak kudeatzen dituzten arduradun politiko suizida hauekin, gaixotasunak eta heriotzak aurre-programatzen dituzten "teknikari" salduekin... nork zaintzen du herritarron osasuna eta bizitza duina? Nora goaz?

Erabat indibidualizatuta eta apalduta nahi gaituzte. Atzera goaz.

Inflexio puntu bat behar dugu.

Gipuzkoako lau familiaren patrika betetzeko egiten duten jokaldia beti bera delako, haserreak, borrokak eta erantzunak elkartu behar ditugu. Sistema da arazoa, eta horretarako sinbolo bat hartu eta denon artean garaitu behar dugu. Erraustegia Gipuzkoako politika eta sistema ustel honen sinboloa da dudarik gabe. Orain erraustegia geldituko dugu, eta berarekin batera gainerako dena! Bizitzaren aldeko borroka hau herritarrok altxatzeko txispa izatea nahi dugu.

Amildegi batera garamatza %1ak Europan, Euskal Herrian eta Gipuzkoan. Troikatik hasita, gure agintari lokaletaraino, interes berei erantzuten dieten egitura politiko bat montatuta daukate, beren hedabide eta eragingune guztiekin. Lau urtean behin botoa eman, eta hortik aurrera herritarrok ez dugu hitzik ez erabakimenik, ezta gure bizitza baldintzatuko duten eta guk ordainduko ditugun proiektuetan ere!

Erraustegia egiten uzten badiegu, onartzen ari gara baietz, herritarron bizitzak baino gehiago balio duela betiko lauen diruak. Onartzen ari gara etorkizuneko belaunaldiak zorpetuta jaioko direla! Erraustegia onartzen badugu, arnasa garbi hartzea ere debekatuko badigute, zer geratzen zaigu? Asko dugu jokoan.

Herritarrak mundu osoan altxatzen ari dira, plazak hartuz botereari desafio egiten. Nuit Debout, M15, Saharako Gdem Izik, Istanbuleko Gezi eta mundu osoan zabaltzen ari den Occupy gara. Mundu mailako erantzuna behar du egoerak, eta Euskal Herrian ez dugu gutxiago izan nahi!

Zer proposatzen dugu?

Aldi berean eta batera jardunda politika hau aldatzeko palanka izan behar dugu. Eskaini diezaiogun gure denbora eta bizipoza inflexioa sortzeari.

Gaurdanik hasita denok hobeto bizitzea nahi dugulako, plaza hartu behar du bizitzak, pertsonek, norbanako bakoitzaren hitzak. Jar dezagun praktikan nahi dugun bizitza. Sakondu dezagun demokrazia zuzenean. Kalean, elkarrekin, eta gure artean sortuko dugun logika baten arabera mugitzen, desafioa gara dena kontrolpean nahi duen boterearentzat.

Mugimendua izango gara, ordezkaririk eta hierarkiarik gabe, borroken arteko puntu komunak bilatuz, ikaragarri pila baikara bestelako mundu baten alde lanean ari arenok. Mugimendua izango gara, denean ados jarri behar izan gabe, baina sinkronizatzean olatuak sortzeko gai dena.

MAIATZAREN 29AN EZ GOAZ ETXERA!

DONOSTIAKO GIPUZKOA PLAZAN ELKARTUKO GARA. LEHEN BATZARRA 16:00ETAN.

EKARRI BIZIPOZA, GORPUTZ ETA BURU ASKEAK, ETA LOTARAKO ZAKUA.

LAGUNDU MEZU HAU ELKARBANATUZ POLBORA BEZALA ZABALTZEN SAREAN!!!

USTELAK LURPERA, BIZITZA DA HANDIENA!