Ekimen gehiago gaur, erraustegiaren aurkako Gipuzkoa plazan

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 30a, 12:30

Gipuzkoa Zutik ekimenetik azken egunotan eginiko deialdiari erantzunez, Foru Aldundi aurreko Gipuzkoa plaza hartua dute hainbat herritarrek igande arratsaldeaz geroztik. "Erraustegia sinbolo hartuta, aberatsenen alde egiten ari diren politika gelditu nahi dugu", adierazi dute sare sozialen bidez. Lehen batzarra egin zuten atzo. "Partehartzea eredu, asanbladan eskuz esku doa mikrofonoa. Bakoitzak etortzera bultzatu duen ideia edo arrazoia azaltzen du, eta zer espero duen hemendik sortzea. 200 pertsona gaude Gipuzkoa Plazan asanblada irekian. Taldeka eztabaidatu ondoren ateratako ideiak konpartitzen ari gara. Denok gaude beldurtuta legealdiaren apisonadora hasiera honekin", adierazi dute Facebook sare sozialean duten orrialdetik.

Sare sozialen bidez gertutik jarrai dezakezue, Gipuzkoa Zutik ekimena ematen ari dena. Bai Facebook bai Twitter bidez. Argian zuzeneko kontakizuna egiten ari dira.

Lehen gaua bertan eman ostean, astelehen honetan ere Gipuzkoa Plazara gerturatzeko deia egin dute. Goizean zehar, Foru Aldundiko atarian bildu dira, "Gipuzkoa zutik. Errauskailurik ez!" aldarripean. Egoitzara sartzen zirenei eskuorriak banatzen aritu dira. Protesta ekimen bat egin dute baita, Markel Olano Ahaldun Nagusia Diputaziora gerturatu denean. Hainbat ekimen deitu dituzte arratsaldetik aurrera. Bertaratzeko deia egin dute. "Lagundu zabaltzen! Ahalik eta gehien elkartu behar gara! Ekarri kanping dendak eta pasa dezagun elkarrekin gau eder bat izarren azpian", luzatu dute gonbita:

Maiatzak 30, astelehena

Gunea txukundu, lanak aurreratu.

17:00 Propaganda.

18:00 Pello Zubiriaren hitzaldia: "Erraustegia eta eredu soziala".

19:00 EGUNEROKO ASANBLADA.

21:00 Kontzertua.

Antolatzailea eta albisteko irudia: Gipuzkoa Zutik.