Maiatzeko azken asteartea gaur, osoko ohiko bilkura eguna Usurbilgo Udalean. Hezkuntza gaiak izango dituzte aztergai, gaurkoan, EHBilduk eta EAJ-PNVk aurkezturiko mozioen bidez. Iazko Kontu Orokorra, aurtengo Zerga Ordenantza, Artzabal edota hurrengo urteko jai eguna izendatzeko proposamena ere ahotan hartuko dute.
Hauteskundeei begira
Osoko bilkura hasteko ordea, ekainaren 26an ospatuko diren Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako mahaikideen zozketa egingo da udalbatza aretoan. Egun horretan Aginagan, Usurbilen eta Zubietan zabalduko diren hauteslekuetan egotea egokitu zaizuenoi, egunotan helduko zaizue jakinarazpena.
Gogoan izan bestalde, postaz bozkatu asmo duzuenontzako Usurbilgo Udalaren argibideok. Eskaera ekainaren 16a baino lehen bideratu dezakezue Correosen. Hala egiten dutenek, “ezin izango dute inolaz ere hauteskunde egunean botoa eman, botoaren bidalketa egin ez dutenek ere ez, nahiz eta eskaera egina izan”. Udalaren beste oharra; “martxoaren 1az geroztik Usurbilen erroldatutakoek ezin izango dute Usurbilen bozkatu, baizik eta momentu horretan erroldatuta zeuden herrian bozkatu beharko dute”.
Osoko ohiko bilkura
Eguna: maiatzak 31, asteartea.
Ordua: 18:00.
Tokia: udalbatza aretoa.
Gai zerrenda:
1.- Ekainaren 26an izango diren Hauteskunde Orokorretako mahaikideen zozketa.
2.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2016ko apirilaren 18tik maiatzaren 20ra (2016/0356- 2016/0483).
3.- 2017 urterako herriko jai-egunaren izendapena.
4.- Artzabal eraikineko Gure Pakea jubilatuen tabernaren kudeaketarako zerbitzu kontratuaren esleipena.
5.- 2015eko Kontu Orokorraren behin betiko onespena.
6.- 2016ko Zerga Ordenantzaren aldaketaren behin behingo onespena.
7.- EAJ-PNV udal taldeak aurkezten duen Euskal Eskola publikoaren aldeko mozioa.
8.- EH Bildu udal taldeak herri-hezkuntza proiektuaren aurrean aurkezten duen mozioa.
9.- Galdera-eskaerak.