Gipuzkoa osora hedatu nahi du erraustegiaren aurkako gurasoen mugimenduak, kaleratua duen manifesturako atxikimendu bilketa kanpaina. Erronka honetarako guztion laguntza eskatzen dute; gutako bakoitzak beste 10 lagunen sinadurak biltzea eta hamar pertsona hauetako bakoitzak aldi berean, beste 10 lagunenak eskuratzea proposatzen digute. Atxikimendu katea osatu nahi dute modu horretan. Gogoan izan, Zubietan eraiki asmo duten erraustegia geratzea eskatzen duela, guztion eta datozen belaunaldien osasunean izango duen eraginarekiko kezkak bildutako guraso taldearen manifestuak. Jasotako sinadurak Foru Aldundiko Ahaldun Nagusi Markel Olanori bideratu nahi dizkiote. Bestalde, taldeak kide berriak eskertuko lituzkete. GuraSOSen zure ekarpena egiteko prest bazaude, idatzi komunikazioa@gurasos.org helbidera.
Ia 5.000 atxikimendu bilduta
Manifestua sinatu ez duzuenok, noiznahi eman dezakezue zuen atxikimendua, gurasos.org atarian sartuta. Bestela, adi, larunbat honetan ospatuko den Ikastola Egunari, bertan ere mahaia jartzekoak dira. Giza-kate egunean ere sinadurak biltzen egon ziren. Bi orduko tartean, ia 1.000 atxikimendu lortu zituzten. Dagoeneko guztira, ia 5.000 gipuzkoarrek bat egin dute manifestuarekin.
GuraSOSen manifestua
Gure txikitxo maitea,
☐Ama, ☐Aita, ☐Amona, ☐Aitona, ☐Izeba, ☐Osaba ☐ Herrikide bat naiz.
Begira, ez zaitut larritu nahi, baina, entzun mesedez, arretaz, esango dizudanak merezi du-eta.
Hortxe, Zubietan bertan, Errealak entrenatzen duen lekutik oso gertu, Erraustegia egiteko asmoa dute, bertan zaborra eta hainbat hondakin erretzeko. Bertatik aterako den kea arriskutsua izan daiteke osasunerako. Bai, halaxe da, igarri duzu, ezta? Kezkatuta nago, bai, eta batik bat zuengan, haurrongan, oraindik hazten, garatzen eta osatzen ari zaretenongan sor ditzakeen eraginengatik.
Kezkatuta nago eta ezinegonik:
Erraustegiaren kokalekua bizi garen lekutik oso hurbil dagoelako (15-20 kilometroko eremuaren barruan).
Erraustegiaren kokalekutik hurbil dauden lurretan landatutako barazkiak eta fruituak jaten dituzulako, edo eta, belardi horietan elikatzen diren abereen haragia eta bestelakoak jaten dituzulako.
Horren ondorioz kutsatuko den itsasoan bainatuko zarelako.
Edota, nahiz eta gure bizilekutik urrun egon, ez nukeelako nahi inoren haurrek ondorio kaltegarri horiek jasaterik. Nire haurrentzat nahi ez dudana, inoren haurrentzat ere nahi ez dudalako.
Horregatik, lehenbailehen, zerbait egin behar dudala pentsatu dut: arrisku horretatik babestuko zaitut, maitea, zin dagizut!! Ez dut onartuko, inondik inora ere, haurren osasuna arriskuan jartzerik! Ez nioke, inolaz ere, nire buruari barkatuko, nire esku dagoen guztia egiten ez badut, gutxi bada ere.
Erabaki dut beste guraso, aitona-amona eta senideekin batera bilduko naizela eta denok batera, elkarrekin, lan egingo dugula, erraustegiaren arriskua gainetik kentzeko.
Zaude ziur: begiratu bi begietara, sinets iezadazu, ez dizut hutsik egingo! Erraustegiaren proiektua geldiarazten saiatuko naiz!
Badakit, gure hondakinen arazoari beste irtenbide bat bilatuko diogula denen artean, posible delako, gizarteak eta gure ordezkariak horretan buru-belarri jarri nahi badute behintzat, gure osasuna eta ingurumena arriskuan jarri gabe!