Giza-katearen oihartzuna, Europako Zero Zabor mugimendura heldu da

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 31a, 10:39

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak igandean Donostiako Onkologikoa Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lotu zuen giza-katearen oihartzuna Europako Zero Zabor mugimenduraino heldu da. Osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako mobilizazioaren arrakasta nabarmendu dute, web orri bidez zabaldu duten albistean. 5 kilometro inguruko giza-katea osatzeko gutxienez 5.000 lagun behar izan arren, azkenerako maiatzaren 29ko ekimena erraustegiaren aurkako "erakustaldi handian" bilakatu zela azpimarratu dute.

Giza-katea abiapuntutik helmugara bizikletaz garraiatu zuten mezu sekretuaren berri ere zabaldu du Zero Waste Europek (Europa Zero Zabor). Erraustegia osasunerako kaltegarria zela zioena, gai honetan arduraz jokatzeko deia egiten zuen mezua. Valdemingomezeko erraustegiak kalteturikoen lekukotzaren berri ere eman du aipatu mugimenduak. Gogoan izan, giza-kate amaierako ekitaldian, Clara Peralesek hartu zuela hitza. Erraustegi ondoan, Rivasen bizi den herritarrak. Zero Waste Europek dio, erraustegia eraiki arte Clarak ez zuela osasun arazo larririk izan. Baina erraustegia martxan jarri ostean bai, bere osasun egoera okertzen joan zela, 2014an linfoma mota bat detektatu zioten arte. Egoera berean den herritar bakarra ez dela gogorarazi duen Clarak eta aurrean zituen gipuzkoarrei, Zubietan eraiki nahi duten planta geratzeko garaiz zebiltzala ohartarazi zien. Honen guztiaren berri eman du Zero Waste Europek, gedabde ezberdinetan (tartean NOAUA!n) argitaratu diren albisteen esteka, irudi eta bideoekin batera. Gure inguruan ezagun egin den esaldiarekin borobildu dute artikulua: "Burua duenak ez du erraustegirik nahi bere herrian, eta bihotza duenak ez du beste inoren herrian nahi".

Lotura honetan klikatuta irakur dezakezu, Zero Waste Europe mugimenduak ingeleraz argitaratu duen albistea:

https://www.zerowasteeurope.eu/2016/05/human-chain-to-stop-incinerator-in-gipuzkoa/

Irudi gehiago Argazkitegian

Aginagar, usurbildar, eta zubietarren giza-kateko irudi bilduma, esteka honetan duzue ikusgai: Giza-katea

Irudi gehiago izan eta bidali nahi badizkiguzue, helbide honetara helarazi: noaua@noaua.eus