Hauteskunde, diru kontu, hezkuntza eta ingurumen gaiez jardun dute osoko bilkuran

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 31a, 21:06

Ekainaren 26an Espainiako Gorteetako hauteskundeak izango ditugu. Hauteslekuetako mahaikideak nortzuk izango diren zozketa bidez hautatu berri ditu Usurbilgo Udalak, astearte arratsalde honetan egin den osoko ohiko bilkuran. Bozketa egunez mahaietan egotea tokatu zaizuenoi, Udaltzaingoaren jakinarazpena helduko zaizue egunotan.

Zozketa honekin hasi da beraz, Usurbilgo Udalaren maiatzeko osoko ohiko bilkura. Baina gehiagorako ere eman du hitzorduak. Batetik, Gure Pakea Elkarteko Artzabal jatetxea kudeatzeko zerbitzu kontratua Igor Gorriti usurbildarrari esleitzea onartu du udalbatzak aho batez 5 urterako. Urtez urte beste 5 urterako luzagarria izango da. Honez gain, datorren urteko, hau da, 2017ko egutegian udalerri honi dagokion jai egun berri bat izendatu behar izan du udalbatzak. Dakizuenez, berez, uztailaren 2a, Santixabel Eguna izan ohi da Usurbilgo jai eguna. Baina datorren urtean uztailaren 2a igandez egokituko da. Hori dela eta, jai eguna ekainaren 30era, asteburu horretako ostiralera aldatzea proposatu du gobernu taldeak. Aho batez onartu du udalbatzak.

Iazko Kontu Orokorra eta 2016ko Zerga Ordenantza

Diru kontuei loturiko beste bi erabaki ere hartu ditu udalbatzak, astearte arratsalde honetan egin den osoko ohiko bilkuran. Batetik, jendaurrean egon den hamabostaldian erreklamaziorik jaso ez duen 2015eko Kontu Orokorra gehiengo osoz onartu du udalbatzak, EHBildu eta PSEren aldeko bozkekin. EAJ abstenitu da. Bestalde, 2016ko Zerga Ordenantzan zenbait aldaketa txertatzea proposatu du gobernu taldeak; eraikuntza, instalazio eta obrei buruzko verga ordenantzan eta baita hileta zerbitzuetako eta udal kirol instalazioetako tasetan ere. Hasieraz eta gehiengoz onartu ditu aldaketok udalbatzak, EHBildu eta PSEren aldeko bozkekin. EAJ abstenitu da.

Bi mozio, Usurbilgo hezkuntza eskaintzaren harira

Mozioetako bat EAJ-PNVk aurkeztu du. Eusko Jaurlaritzak kudeatuko duen eskola publiko berri bat eraikitzeko lurzorua erreserbatzea eskatzen zuen testuak. Usurbilek ikastolaz gain, eskola publikoa izan eta bi aukeraon artean hautatzeko eskubidea aldarrikatu dute jeltzaleek.  EAJk eta PSEk babestu dute testua, aurka agertu da gehiengoa duen EHBildu. EHBilduk ere gai beraren inguruko mozioa aurkeztu du. Jaurlaritzari Hezkuntza Lege berria garatzea eskatzen dio koalizioak. "Hezkuntza Lege berriak aukera ireki behar luke herrian dagoeneko dauden ikastetxeen doakotasuna bideragarri egiteko. Usurbilgo Udalak konpromisoa hartzen du bide horretan lan egiteko", jasotzen du EHBilduren babesarekin gehiengo osoz onartu den mozioak. EAJ-k eta PSEk proposatzen duten moduan, Usurbilek bi eskola izan eta segregazioaren bidean sakondu ordez, udalerri honek duen ikastola doakoa izateko bidea jorratzeko asmoa agertu du koalizioak. EAJk eta PSEk, mozio honen aurka bozkatu dute.

Elkartasun atxikimendua, Rivasen deitu duten manifestazioari

Madrilgo udalerria da Rivas. Egunotan sarritan aipatu dugu, Rivas Aire Limpio herri plataformako kideak gure artean izan baititugu. Etxe ondoan duten Valdemingomezeko erraustegiaren aurka daramaten borrokaz hitz egin digu Clara Perales herritarrak. Berak eta beste hainbat auzokideek gertutik sufritu dituzte, 20 urtez halako planta baten ondoan bizi izanaren ondorioak. Erraustegiarekin batera ingurumen arazo gehiago ere badituzte. Bere garaian legez kanpoko zabortegia izan zuten. Legez kanpoko isurketen aurka edota Valdemingomezeko erraustegia ixtea eskatzeko manifestazioa deitu du eragile multzo zabal batek, ekainaren 11rako Rivasen. Hitzordu honen harira, aurreko astean gure artean izan zen Clara Peralesek, mobilizazio honen harira kaleratu duten manifestuarekin bat egitea proposatu zion Usurbilgo Udalari. Udal gobernu taldeak, osoko bilkurako gai zerrendan sartzea proposatu du manifestua eta udalbatzak aho batez onartu du eskaera hau. Gero etenaldi bat egin dute plenoan, EAJk eta PSEk manifestua irakurri eta aztertu zezaten.

Rivaseko manifestazioko deitzaileen artean daude ingurumena babestearen aldeko eragileak, eragile sozialak eta politikoak baita; PSOE, Podemos Rivas edota CUP Somos Rivas (IU+Somos Rivas+Equo), besteak beste. Usurbilgo Udalak gehiengo osoz bat egin du manifestuarekin, EHBilduren aldeko bozkei esker. PSE eta EAJ abstenitu egin dira.

Gai hauei guztiei buruzko informazio gehiago, egunotan zabaltzen joango gara.