Tentsio giroa asteazken honetan, Donostiako Gipuzkoa plazan. Hirugarren gaua igarota, Gipuzkoa Zutik-en kanpaldiak laugarren eguna hasi berria zuenean, Donostiako Udaltzaingoa eta Ertzaintza gerturatu, kanpaldia eraitsi eta hustu egin dute. Bertan bilduta zirenak desalojatu dituzte. Sare sozialetatik egiten ari dira kontakizuna. "Adi denok. Munizipalak eta Ertzainak dena kentzen ari dira. Onartezina. Erraustegia geldituko dugu, sistema ustel honen sinbolo delako!", diote sare sozialen bidez egiten ari diren kontakizunean.
Gunea hustu arren, igande arratsaldean abiaturiko dinamika ez dutela etengo adierazi dute Gipuzkoa Zutik-etik. "Hau ezin dute gelditu!", adierazi dute. Gipuzkoa Plazara bertaratzeko deia egiten dabiltza. Asanblada jendetsua deitu dute asteazken arratsalde honetarako, 19:00etan. "Arratsaldeko 19:00etako asanbladan jendetza bildu behar gara! Ez gaituzte geratuko! Erraustegia geratzera goaz!", adierazi dute.
Gipuzkoa Zutik-en ekimenarekiko eta bertan bilduta zeudenekiko elkartasun mezuak ugaritzen ari dira sare sozialetan. Eta horrekin batera, baita kanpaldia eraistea agindu dutenen aurkako mezuak ere. Desalojoa gertatu deneko argazki eta bideo ugari ere zintzilikatu dituzte.
Gipuzkoa plazako gunea hustu ostean, asanbladan bildu dira Bulebarrean.
Gipuzkoa Zutik sare sozialetan:
Twitter: @GipuzkoaZutik
Facebook: Gipuzkoa Zutik
GAURKO PLANA
16:00/17:00 Hitzaldiak.
18:30 Bulebarretik Gipuzkoa Plazara mobilizazioa.
19:00 Asanblada.
Sare sozialetara igo dituzten irudietako bi segidan: