Isiltasuna hautsi du azkenean Diputazioak, hondakinen kudeaketaren gaiari dagokionean. Erraustegiaren aurka dagoen ororen kontra hitz egin du. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak igandean antolatu eta milaka lagunek bat egin zuten giza-katearen aurka agertu da, Foru Aldundiko bozeramaile Imanol Lasa, atzo Onda Vasca irrati katean egin zioten elkarrizketan. Ekimenean parte hartu zutenei errespetua adierazten dien arren, mobilizazio honen atzean, "begibistako intentzionalitate politikoa, eta ezker abertzaleak prestatutako kanpaina” daudela dio Diputazioko bozeramaileak, “ez gipuzkoarron osasuna defendatzeko, baizik eta Aldundiari eta hondakinen kudeaketari eraso egiteko”.
Gezurretan aritzea, osasunarekiko kezka oinarririk gabe erabiltzea eta gizarte ikaratzea leporatu zien Lasak, Ezker Abertzaleko ordezkariei.
OEIT-ren aurka
Elkarrizketa berean, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak (OEIT) gai honi buruz, erraustegiaz eta osasunaz, mundu mailan egin diren ikerketa ospetsu eta hoberenetatik plazaratu dituzten datuak ukatu ditu Diputazioak. Lasaren esanetan, ez dago esaterik, erraustegiak osasunean eraginik izan dezakeela dioten ebidentzia zientifikorik dagoenik. OEIT-ren aurka egin du baita.
“Zientziari eta osasunari lotutako gaietan, baieztapen guztiek ez dute pisu eta sinesgarritasun berbera. Zorroztasunez eta seriotasunez jokatu behar da adierazpen jakin batzuk egiterakoan. Ez da nahikoa medizina titulua izatea, eta hau errespetu osoz esaten dut. Ni irakaslea naiz eta horrek ez nau bihurtzen pedagogiaren alor guztietako espezialista, ezta ikertzaile ere. Ez da gauza bera mediku bat eta zientzia ikertzaile bat”, hala adierazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Imanol Lasak, Onda Vasca Irratian egin zioten elkarrizketan.
Sinesgarritasuna kendu zion Lasak, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea (OEIT) urte luzez egiten ari den lanketari. Medikua eta zientzia ikertzaile bat izatea ez dela gauza bera zioen. Aldiz, sinesgarritasun osoa ematen dio medikuak kide dituen Osakidetzak, 2004an egindako txostenari edota "EHUko Medizina Prebentiboko eta Osasun Publikoko departamentuak 2011ko otsailean Zabalgarbiko plantaren inguruan egindako azterketa epidemiologikoari". OEIT-tik sarritan nabarmendu dute, txostenok duten kalitate falta.
Aldundiak Biodonostiarekin sinaturiko hitzarmenak ere berme zientifikoa osoa duela dio. “Legeak eskatzen digunetik harago joko dugu, eta Biodonostia bezalako entitate independiente eta ospetsu baten euskarria edukiko ditugu. Bertako ikertzaileek eskamentu handia dute ingurugiro kutsagarriekiko esposizioarekin lotutako azterketa epidemiologikoetan, eta osasunean izan ditzaketen ondorioetan. Benetan dakitenak izango dira prozesu honetan bidelagun izango ditugunak”, zioen Lasak.
Erraustegia eraiki aurreko urtean, eraiki ostean lehen eta bogarren urtean azterketa epidemiologikoak iragarri ditu, planta segurua izango dela dioen Aldundiak. Aldiz, erraustegi batek benetan izan ditzakeen ondorioak epe luzera neurtu daitezkeela aipatu izan du OEIT-k, behin baino gehiagotan. Gutxienez 10 urte itxaron beharra dagoela.
Gipuzkoa Zutik-en aurka
Asteazken honetan bertan Gipuzkoa plazan Gipuzkoa Zutik-en kanpaldia hustu dute. Atzo Imanol Lasak hala zioen; “Akanpatzeen, inposaketaren, edo sabotaien kultura hori, Euskadiko eta Gipuzkoako gizarteak arbuiatu dituen eta lehenbailehen ahaztu nahi dituen aro politiko eta forma batzuetan kokatzen da”.
"Kaleak zaborrez beteta utzi zizkiguten"
Beste behin, aurreko legegintzaldian Bilduk hondakinen kudeaketaren alorrean eginikoa hondamenditzat jo du Aldundiko bozeramaileak. “Ez zuten errespetatu onartuta zegoen araudia eta plangintza, eta ez ziren gai izan hondakinen tratamendurako inolako alternatibarik eskaintzeko. Kaleak zaborrez beteta utzi zizkiguten. Zaborra bereizi eta tratatzeko aurreikusitako azpiegituretatik, bakar bat ere ez zuten eraiki. Eta gainera, 40 milioi eurotik gorako zuloa utzi zuten GHKn, ezer ez egiteko gastaturikoa”, adierazi zuen Lasak.