20 urtez etxe ondoan izan duten Valdemingomezeko erraustegiaren aurka Rivasen (Madril) hainbat lagun borrokan dabiltzala berri eman dizuegu egunotan. Dakizuenez, minbiziak kalteturiko 36 lagunek erraustegi haren kontrako salaketa aurkeztu zuten, eta tramitera onartua izan da. Gure artean izan zen aurreko astean hain zuzen, udalerri hartako bizilagun eta kaltetuetako bat; Clara Perales. Aurreko ostegunean harrera egin zion Usurbilgo Udalak. Bere esperientzia partekatu zuen EHBilduko ordezkariekin. EAJ eta PSE-ko udal ordezkariak gonbidatuak egon arren, ez zuten bertaratzerik izan.
Harrera ekitaldian, Clarak manifestu bati atxikimendua adierazteko proposamena egin zion Udalari. Rivasen, erraustegiaren edota legez kanpoko zabortegien aurka ekainaren 11n deitu duten manifestazioarekin bat egiteko adierazpenari hain zuzen. Udal gobernu taldeak aipatu manifestua, astearte arratsaldean egin zen osoko bilkurara eraman zuen.
Kontu hau, eguneko gai zerrendan aurreikusia ez zegoenez, gai zerrendan txertatzea proposatu zuen gobernu taldeak. Aho batez onartu zuen udalbatzak. Bozkatu aurretik, adierazpenen tartean, bere Rivaseko alderdikideek aipatu manifestazioarekin bat egin duten arren, gai honi buruzko informazioa falta zitzaiola adierazi zuen PSE-ko udal ordezkari Fermin Orue-Echevarriak. Rivaseko manifestazioko deitzaileek ziotenaz gain, beste aldeak dioena ere ezagutu beharko litzatekeela aipatzen zuten EAJ-tik. Egoera ikusita, gobernu taldetik, osoko bilkura etetea proposatu zuten, bi udal taldeok manifestua irakurri eta azter zezaten. Osoko bilkurari berriz heldu zitzaionean, bozketa garaian, EHBilduren aldeko botoekin onartu zen gehiengo osoz, ekainaren 11ko manifestazioarekin bat egitea. Bere Rivaseko alderdikideek bat egin duten arren, Usurbilgo PSE abstenitu zen, baita EAJ ere.
Bi taldeotatik informazio falta tutela adierazi dutenez, gobernu taldetik Rivastarrak berriz gure artera etorriko balira jakinarazi eta bilera bat egiteko prestutasun osoa adierazi zitzaien.
Kutsadura arazo iturri diren azpiegituren aurka
Kutsadura arazoak aspaldidanik, 50. hamarkadatik pairatzen ari dira Madril hegoekialdean. Eta denbora aurrera joan ahala, bertako bizilagunen ingurumen eta osasuna kaltetzen duten egitasmoak ugarituz joan dira; legez kanpoko zabortegiak, hondakinak errausteko Valdemingomezeko planta, hondakin arriskutsu eta industrialen biltegia, hondakinak erretzen dituen zementu-fabrika... Mehatxu ugariei aurre egin beharrean aurkitzen dira, besteak beste Rivaseko bizilagunak.
Jarduera guztion aurka manifestazioa deitu du eragile talde zabal batek, ekainaren 11rako Rivasen. Mobilizazio horren harira, Usurbilgo Udalak ere bat egin duen manifestua kaleratu dute. Bertan honakoa eskatzen dute:
-Legez kanpoko isurketak amaitzea, suteak itzali eta zabortegiok saneatzea nahi dugu. Horretarako, ekintza polizial eraginkorra eta zonalde kaltetuen egoeraren inguruko kontrol, azterketa eta saneamendu planak behar dira.
-Valdemingomezeko erraustegia ixtea nahi dugu. Ziur gaude, gertu dauden udalerrietako bizilagunen osasunerako arriskutsua dela, bereziki, airera isurtzen diren emisio asko, iraunkorrak izan eta pilatzen doazelako. Eta 20 urte gehiegi direlako! Gainera, erraustegiaren kontrol araudia modu larrian hausten ari ote diren, susmo larriak ditugu. Horregatik, Madrilgo Udalari exijitzen diogu, erraustegia ixteko plan bat egin eta bertan txertatu dezala, erraustegia alboratu eta zabortegietara ahalik eta hondakin gutxien isuriko duen hondakinen kudeaketa eredu berri bat.
Manifestazioa deitu dutenen artean dira: Rivas Contaminación Zero; Rivas Aire Limpio; Jubiqué; AV Ensanche de Vallecas; CAES; Garbancera Acroecología; Ampa Instituto Las Lagunas; Plataforma Aire Limpio-Residuos Cero; Rivas Puede; PSOE; CUP Somos Rivas (IU+Somos Rivas+Equo); Podemos Rivas; Anticapitalistas Rivas-Sureste de Madrid...