Datozen hauteskundeetan mahaietan egotea tokatu zaizuenoi, egunotan helduko zaizue jakinarazpena

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 1a, 09:02

Ekainaren 26an Espainiako Gorteerako hauteskundeak izango ditugu. Madrilgo Diputatuen Kongresu eta Senatu berria osatzeko bozketa egun horretan, Usurbilgo Udalak egokituko dituen 8 hauteslekuetarako mahaietan herritarrak egongo dira. Ohi bezala, zozketa bidez erabaki zen asteartean egin zen osoko bilkuran, nortzuk osatuko dituzten hauteslekuotako mahaiak. Gogoan izan, mahai bakoitza lehendakari batek eta bi bokalek osatu eta hauetako bakoitzak, ordezko beste 2 lagun izan behar dituela. Honenbestez guztira 72 herritarrei egokituko zaie bozketa egunez antolaketa lanetan parte hartzea. Zozketa bidez hautatuak suertatu zaretenoi, egunotan helduko zaizue jakinarazpena.

8 hautesleku, 72 herritar

Urtero moduan, bozketetarako 3 mahai egokituko ditu Udalak Udarregi Ikastolan, 2 mahai Kalezarko Haur Eskolan, eta hautesleku bana kokatuko dute, Zubietako Lanbide Eskolan, Santuenea Elkartean eta Aginagako Herri Ikastetxean. Ekainaren 26an lan egitea tokatu zaizuen herritarrok, goizeko 08:00etarako egon beharko duzue guneotako batean, prestaketa lan guztiak bideratzeko. 09:00etan irekiko dira hauteslekuak, 20:00ak arte zabalik izango dira. Tarte horretan herritarren bozkak jaso beharko dira. 20:00etan hauteslekuak itxi eta bozkak zenbatu. Ekainaren 26an egin beharreko lanen inguruko informazio eta argibide gehiago Udalak berak eskainiko dizkie, mahaietan egongo direnekin bilduko baita ekainaren 26ko hitzorduaren aurretik.