Jai Batzordeak jakitera eman du, azken aldian martxan izan dituen herriko festei begirako parte hartze prozesuetan nortzuk nagusitu diren. Festei hasiera nork emango dion hautatu dute jada. Emailez nahiz Potxoenean, Sutegi udal liburutegian eta Kiroldegian jarritako ontzietan gure ekarpenak egin genitzakeen. Proposamen mordoa jaso du Jai Batzordeak, baina bat aukeratu behar eta Orbeldi Usurbilgo Dantza Taldeak izan du babes gehien. Herriko dantzariek izango dute beraz, datozen jaiak abiatzeko ohorea. Zorionak!
Ekainaren 30etik uztailaren 3ra izango ditugun ospakizunen berri emango digun egitarau diseinu lehiaketa nork irabazi duen ere jakinarazi du Jai Batzordeak. 3 lan aurkeztu dira deialdira. Hirurotatik Intza Salsamendi usurbildarrarena hautatu du Jai Batzordeak. Iazko txapeldun bera dugu aurtengo irabazlea. Ekaineko azken astebururako esku artean izango dugu Salsamendiren diseinu lana, Usurbilgo Udalak etxez etxe banatuko baitu egitaraua. Iaz erabilera anitzekoa genuen. Ohiko diseinu lanetatik urrunduz, haur nahiz helduengan pentsaturiko diseinu lan originala sortu zuen Salsamendik; dado itxura zuen egitaraua. Ia aurtengorako zer landu duen. Zorionak!