Zubietan eraiki asmo duten erraustegiaren aurkako azken ekimenen eta Foru Aldundiko ordezkarien egunotako adierazpenen harira, prentsa oharra kaleratu du, Zubietan eraiki nahi duten erraustegiak seme-alaben osasunean izango duen eraginagatik kezkatua dagoen GuraSOS taldeak.
Gizarte gai baten muturreko politizazioa bizitzen ari garela diote, "hain pertsonala eta transferiezina den osasunean eragiten duen hondakinen kudeaketarena, hain zuzen ere". Horren aurrean, eskaera argia plazaratu dute. "Pasa gaitezen liskar errealitate batetik adostasun eta kontsentsu errealitate batera", adierazi dute. Baretze bide bat irekitzea galdegiten diote Gipuzkoako Foru Aldundiari: "obren lizitazio prozesuaren abiadura moteltzearekin hasi dadila eta informazio eta deliberamenduzko bide bat irekitzearekin jarraitu dezala, gai honen gainean akordio batera iristeko asmoz". Indar politikoei bestalde, "gai honekiko despolitizazio, gizarteratze eta birbideratze prozesuan lagundu dezaten eskatzen diegu; ikerketa komisioaren ekimena bertan behera utziz edota birplanteatuz eta eztabaida gizartean eta modu lasai batean eman dadin".
Eskertza OEIT-ri
Asteartean Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Imanol Lasak Onda Vasca irrati kateari eskainitako elkarrizketan esandakoak ere ahotan hartu ditu GuraSOS taldeak. Erraustegiak osasunerako eragin kaltegarria izango duela diotenak, oinarririk gabe ari direla hitz egiten esan zuen. "Zilegi den kezka eta egonezin hau arinkeriaz hartzea aita-ama hauenganako begirunerik ez izatea dela uste dugu, bai eta inork ondoan eduki nahi ez duen proiektu hau ondoan nahi ez izateagatik alarmistak deitzea ere", diote aipatu mugimendutik.
Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko (OEIT) medikuei Lasak esan izen, "mediku titulua ez dela nahikoa gai honen inguruko iritzia emateko, eta ardura hori ikertzaileei eman behar zaiela". Baina GuraSOS taldeak zera galdetzen du: "Lasa jaunak, elkarrizketa berean, erraustegiak herritarren osasunarentzat kaltegarria denaren ebidentzia zientifikorik ez dagoela adierazi du. Baina bera ere ez da zientzialaria, politikoa baizik. Zerk legitimatzen du bera medikuei onartzen ez diena esatera?".
Ohar honen bidez, OEIT-ko kideei eskerrak helarazi nahi dizkie GuraSOSek, "gai honekin lotutako ikerketa zientifikoak jaso, ikertu eta bertako datuak gizarteratzean egiten ari diren lan ikaragarriagatik. Beraiei esker, gizartea bere osasunerako garrantzitsua den informazioa jasotzen ari da".
Eztabaidara gonbidatu arren, erantzunik ez
Aldundiak mediku taldeak agerian utzitako ebidentziak ukatzeko datuak baldin baditu, argitaratzeko eskatzen die GuraSOS taldetik. "Erraustegien osasunerako kaltegabetasunaren datuak eta ikerketak badituzte, publiko egin ditzaten eskatzen dugu kontraste, eztabaida eta azterketa publikoa egiteko", adierazi dute.
Biodonostiko ikertzaile bat, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburua eta Gipuzkoako Osasun Publikoaren Zuzendaritza gonbidatu zituen GuraSOS taldeak, maiatzaren 21ean Hernaniko Orona-Ideon antolatu zituen jardunaldietara; eztabaidatzera, elkarrizketara. "Lasa jaunak egin genituen gestio hauen berri izan behar du, eta alde horretatik, bertako inor zergatik etorri ez zen azaltzea estimatuko genuke", adierazi dute GuraSOS taldetik.
Osasuna guztiaz bermatua ez dagoelako, "eta prebentzio eta babes printzipioetan oinarrituz, erraustegiaren asmoa alde batera uztea eskatzen dugu" galdegin dute beste behin. Kaleratua duten manifestuak jaso bezala, haurrak eta gaztetxoak babestea, gaia despolitizatzea, eztabaida gizarteari bueltatzea, informazioa zabaltzea eta adostasun eta kontsentsua bilatzea nahi dute.