Komikigile gazteen sortze lanak ikusgai gaurtik Sutegin

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 2a, 02:18

Ikasturte amaiera ate joka dugun honetan, balantzeetarako eta eginiko lanketak jendarteratzeko garaia da talde askorentzat. Tartean, Hitz Aho Udarregi Ikastolako Guraso Elkarteak antolatuta, azken hilabeteotan Potxoenean bideratu duten komikigintza tailerrekoena. Aurten larunbatez, ekainaren 4an ospatuko den Ikastola Egunaren harira deitu diren ekimenen artean, Joseba Larratxe marrazkigileak bideraturiko ikastaro honetan LH eta DBHko ikasleek eginiko sortze lanak Sutegin jarriko dituzte ikusgai egunotan. Ostegunean, ekainaren 2an, 18:30etan inauguratuko dute erakusketa.

“Ikasle bakoitzak landutako komikiaren gutxienez lehenengo orrialdea izango da ikusgai. Arkatza eta tintan marraztuarazi diet, komikilari profesionalen gisara. Eta gero haien tinta original hori hartu eta kopia egin diet, originala koloreztatu behar ez izateko. Kasu batzuetan ikusi ahalko dugu originala, eta margotua. Beti da bitxia. Beti ikusten da komikilari profesionalen erakusketetan, eta niretzat ere polita da hasiberriek ere ikustea beren lana jarrita maila berean. Publikoarentzako ere bitxia izango da”, adierazi dio NOAUA!ri Larratxek.

Lanon atzean dauden egileak ere hobeto ezagutzeko balioko digu erakusketak. “Polita da ikustea nola funtzionatzen duten haurren buruek, gureak baino askoz konplexu gutxiagorekin normalean, baina askoz mekanismo oinarrizkoagoekin. Komiki batean hori guztia ikusten da zuzenean. Ez da marrazki soil bat, da marrazkia, narrazioa, konposaketa eta sorpresa handiak ematen ditu”, gaineratu du Josebak.

Irudimen handiko gaztetxo taldea dugu honakoa. “Irudimen handia dute denek. Baina badaude pare bat, zaletasuna garatu nahiko balute, etorkizunean oso komikilari onak izan daitezkeenak”, dio Larratxek.

Istorioa planifikatzen ikasteko

Erakusketarekin ia hiru hilabetez eginiko lanketa borobilduko du hamabosteko taldeak. Nozio oinarrizkoak irakatsi dizkie Josebak, komikigintzarako sarrera modukoa izan da tailer hau, “komikiak karrera baterako ematen du eta”. Komiki bat nola egiten den, pausoz pauso azaltzen eta pauso bakoitza gauzatzen joan dira ikasleak. “Helburua, ikasturte bukaeran bakoitzak bere komikitxo bat egina izatea zen. Zer gertatu da? Denak oso anbizio handikoak direnez, denek istorio luzeak zituzten. Lehen edo bigarren orria egitearekin konformatuko dira”, azaldu digu tailerreko bideratzaileak.

Tailerrak ez zuen marrazten ikasteko ekimena izan nahi, “gehienen kasuan, istorio bat kontatzea zer den kontzienteago izateko baizik. Lanaren lehen fasean, istorio bat asmatu eta idatzi behar zuten, marrazten hasi aurretik. Badu planifikazio lan bat. Normalean adin hauetan ez duzu imaginatzen ere, gauzak hainbeste planifikatu daitezkeenik. Sorkuntzaren munduak nola funtzionatzen duen ikusarazi die beraiei. Ziur aski beste komiki bat egiten badute orain, beste modu batera landuko dute proiektu hori”, Josebaren esanetan.

Momentuz jakiteke dute irailetik aurrera, jarraipena emango dioten tailerrari. Tailerreko kide batek baino gehiagok nahi lukete segi behintzat.

Ikastola Eguneko egitaraua

Ekainak 2, osteguna

17:00 Solasaldia: "EKI proiektua DBH-n. Zer dakigu proiektuaz? Zer ikasi nahi dugu? Ze galdera ditugu?".

Hizlariak: Abel Ariznabarreta, Ikastolen Elkarteko Zuzendari Pedagogikoa eta Mikele Aldasoro EKI Proiektuaren arduraduna.

18:30 Komiki erakusketaren inaugurazioa, Sutegiko erakusketa aretoan.

Zehaztasunak: "Komiki erakusketaren inaugurazioa. Lanak aste osoan zehar ikusgai izango dira. Artistak, solaskide izango ditugu bertan".

Ekainak 3-6, ostiraletik astelehenera

Haur Eskolakoen erakusketa, Oiardo Kiroldegiko harrera tokian.

Ekainak 3, ostirala

17:00 Antzezlana Potxoenea atzealdeko anfiteatroan: "Taberna", Bapatean Zirko taldearen eskutik. Oharra: euria egingo balu, Askatasuna plazan.

18:00 Txokolate jana eta buruhandi txikien festa Askatasuna plazan. Oharra: etxean buruhandia duenak, ekar dezala.

Ekainak 4, larunbata

09:00-12:00 LH eta DBHko ikasleen jokoak.

09:30 Esnadeia.

10:30-13:00 LH eta DBHko ikasleen eskulan eta teknologia lanen erakusketa, Udarregi Ikastolako eraikin gorrian.

12:00 HH-koen jaialdia Oiardo Kiroldegian.

14:00 Herri bazkaria eta bazkalosteko girotzea gurasoen eskutik.

Otordurako txartelak salgai maiatzaren 31ra arte, Udarregi Ikastolako idazkaritzan; 15 eurotan helduentzat, 8 eurotan ikasleentzat. Bi menu prestatuko dituzte antolatzaileek, baina adi ikastolatik luzatu duten ohar honi: "Alergia edo intolerantziarik izanez gero, txartela erosteko garaian ikastolako idazkaritzan jakinarazi, menu berezia prestatzeko":

-Helduentzako menua: paella, txerri solomoa onddo saltsarekin, postrea, kafea eta kopa. Edariak eta ogia. Prezioa: 15 euro.

-Haurrentzako menua: makarroiak tomatea eta txorizoarekin, solomoa eta Chips patatak, postrea, edaria eta ogia. Prezioa: 8 euro.

Antolatzailea: Udarregi Ikastola.