Prekarietatearen aurkako kotxe karabana ostiral goizean, Ingemarretik abiatuta

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 1a, 14:00

Prekarietatearen aurka LAB sindikatuak egunotarako deitu duen borroka astean egingo da kotxe karabana. Ostiral goizeko 10:00etan abiatuko da Usurbildik Adunara. Kinka larrian diren bi lantegi lotuko ditu ekimenak; Usurbilgo Ingemar eta Adunako Unipapel. Larunbatean Bilbon egin zuten manifestazioarekin abiatu ziren ekimenok. Aste honetan zehar, hitzordu gehiago deitu dituzte eskualdean, tartean Usurbilen. "Egunak joan eta egunak etorri, lantokietan bizi dugunak ez du itxura onik ez eta hoberantz egingo duenaren joerarik ere. Izan industriako soldatapeko langile, ingeniari, lantoki txikietako aprendiz, kale garbitzaile edo autobus gidari. Langileria osoa barnebiltzen du bere baitan prekarietatearen sareak. ETTak, behin-behinekotasuna, lanaldi partzialak, praktiketako kontratuak, azpikontratak, soldata baxuak, hitzarmenik aplikatzen ez zaien langileak, langabezia egoerak, EREak...", gogorarazi zuten LAB sindikatuko kideek, egunotarako ekimenak aurkezteko, aurreko ostiralean Lasarte-Oriako Okendo plaza ondoan egin zuten agerraldian.

Egoera honekin nazkatuta daudela diote. "Kokoteraino ordu extrataz, mugarik gabeko lanaldietaz, pentsio duin bat ez izateaz, diskriminazioaz, mehatxuez, lana ez izateaz, lan baldintza kaxkarrez, istripuez... Botere ekonomikoak, patronalak, eta eserleku erosoetan dauden hainbatek egoera hau iraunaraztea besterik ez dute buruan, langileria prekarizatu eta sumiso baten gainean, haien poltsikoak geroz eta gehiago betetzen jarraitzeko bidean eta eredu kapitalista-patriarkal hau mantentzeko asmoz", salatu zuten.

Egoera honen aurrean zer egina eta non eragina badela gogorarazten dute. Borrokarako espazio berriak eraiki behar direla irizten diote, "norbere baitatik hasita, langabetuen asanbladetatik, lantokietatik, kaletik, auzotik, herritik, bultzatu behar ditugu geure eskubideen aitortza, lan baldintzen hobetzea eta bestelako eredu bateranzko bidea. Eskuz esku, elkarlanean jorratuz, borrokatuz, indartuz eta lortuz. Bideak batuz".

Horretarako antolatu dute borroka astea, pobrezia eta prekarietateari aurre egin eta lana eta aberastasuna banatzearen alde. Lehen mobilizazioa astelehen arratsaldean egin zuten; elkarretaratzea Mikel Laboa plazan. Deitu dituzten datozen ekimenotan ere parte hartzera deitzen dute jendartea:

Prekarietatearen aurkako Borroka Astea

Ekainak 2, osteguna

19:00 Mahai ingurua, Hernaniko Biteri kultur etxean. Parte hartzaileak: LAB, Ernai, Bilgune Feminista eta Sortu.

Ekainak 3, ostirala

10:00 Kotxe karabana Ingemar lantegitik abiatuta.

19:30 Manifestazioa, Lasarteko Okendo plazatik abiatuta.

Deitzailea: LAB sindikatua.