Asteburuan ere Gipuzkoa Plazara gerturatzeko deia egin du Gipuzkoa Zutik-ek

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 2a, 13:21

Gipuzkoa Zutik ekimenekoek Gipuzkoa plazan segitzen dute. Eguerdian prentsaurrekoa egin dute. Asteburuan bertaratzeko deia luzatzen diete euskal herritarrei. Bestalde, Ertzaintzak goizeko 11:30ak aldera 2 lagun atxilotu ditu kanpaldi gungan. "Atxilotuek uko egin diote ertzainen aurrean deklaratzeari eta 13:10ean konfirmatu da biak aske geratu direla", berri eman du Argiak. 2 lagunak eraman dituztenean, Ertzaintza Gipuzkoa plazatik joan da. Ostegun honetarako deialdiok egin dituzte:

Ekainak 2, osteguna

18:00 Gipuzkoa Plazara agertzeko deialdia.

Ordu berean, Igor Meltxor kazetariak Gestión a la vasca liburuari buruzko hitzaldia emango du.

19:00 Asanblada orokorra

Honez gain: kontzertuak eta bestelako ekintzak.

Gipuzkoa Plazara itzuliak

Asteazken goizean poliziak Foru Aldundi aurrean azken hiru egunotan altxata zuten erraustegiaren aurkako kanpaldira sartu eta gunea hustu ostean, jendetza batu zuten Gipuzkoa Zutik ekimenak, atzo arratsalderako deitu zituzten mobilizazioek. Bulebarretik Gipuzkoa plazara deitua zuten manifestazioak ehunka lagun bildu zituen. Tentsio uneak bizi izan ziren Ertzaintzarekin. Manifestazioak Bulebarra zeharkatu eta Elkano kaletik barrena Gipuzkoa plazara heltzea zuen helburu, baina aipatu kale horretan sartu zirenean Ertzaintzak bidea itxi eta aurrera egitea eragotzi zien.

Mobilizazioan parte hartzen ari zirenak geratu eta kale horretan bertan eserita egin zuten lehen asanblada, erraustegiaren aurkako eta adierazpen askatasunaren aldeko oihuen artean. Batek baino gehiagok maskarak jantzita eta eskutan erraustegiaren aurkako mezuak zituzten. Hala egin zuten denbora tarte bat. Une batzuetan Ertzaintzarekin tentsio uneak ere bizi izan ziren. Gerora ordea, polizia urrutiratzen ari zela ikusi ahala, aurrerantz egin zen jende uholdeak Gipuzkoa plazarantz. Goizean uztera behartu dituzten Diputazio aurreko plaza bete zuten berriz. Lan talde ezberdinak aurkeztu eta taldeetan, aurrera eraman asmo dituzten ekimenez jardun zuten. Lan taldeetan lagundu edota antolatzen dituzten ekimenetan parte hartzeko, herritarrei bertaratzeko deia egiten zaie. Kanpaldiak laugarren gaua Gipuzkoa plazan igaro du. Argi dute, ez doaz etxera. Erraustegiaren aurka Gipuzkoa Zutik eusten segitzeko asmoa dute. Izan Gipuzkoa plazan edo edonon.

Gipuzkoa Zutik ekimenaren jarraipena, sare sozialetan egin dezakezue:

Twitter: @GipuzkoaZutik

Facebook: Gipuzkoa Zutik