Ingemarreko langileek greba mugagabea abiatuko dute astelehenean

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 2a, 14:30

Iragarri genizuen etorkizuna kinka larrian duela Ingemarrek. Gaur jakin dugu, datorren astelehenean, ekainaren 6an greba mugagabea abiatuko dutela Usurbilgo plantako langileek. ELA eta LAB sindikatuko ordezkariez osaturiko langileen batzordeak ostegun goiz honetan iragarri du hartu duten erabakia, Donostian egin duten agerraldian. Ingemar Taldeko zuzendaritzarengan konfiantzarik ez dutela esan dute eta grebara doazela. Bi eskaera luzatu dizkie taldeko zuzendaritzari: batetik, "harria ekartzea, lan egin ahal izateko, Aldundiarekin izandako bileran hitz eman zen bezala". Bigarrenik, "ganorazko bideragarritasun-plan bat aurkeztea, eta lantegi honekin zer egin nahi duten argi eta garbi esatea".

Azken 7 urteotan, norabide argi batean lan egin baitu Zuzendaritzak langileen ustez. 2009az geroztik lantegia behin eta berriz berregituratzen aritu dela salatu du Ingemarreko langileen batzordeak. Asmo argi batekin; plantilla murrizten, lantegia deskapitalizatzen eta ekoizpena deslokalizatzen joateko. Guztia, lana egon badagoenean. Enpresa taldeak Galizian duen plantan lan kontratu berriak sinatzen ari da eta langileak asteburu eta jai egunetan ere lan egin behar izaten dute. Lan karga hau banatzea eskatzen dute Usurbilgo langileek.

Enpresa talde osoa omen dago egoera zailean. Baina une honetan bereziki, taldea sortu zuen Usurbilgo planta da kinka larrian dagoena. Halare, langileek eskuartean duten informazioaren arabera, egoera honi buelta emateko moduan da enpresa taldea. Urte hasieran jakin zutenez, iaz eginiko bideragarritasun plan baten arabera, "taldea hemendik 6 hilabetera zenbaki positibotan egon daiteke eta 2 urte barru egungo fakturazioa bikoiztu dezake".

Honez gain, Usurbilgo lantegiak bizi duen egoera hobetzeko, langileek aditzera eman dutenez, "Zuzendaritzak ba omen dauka inbertsore bat, eta esan digutenez, ekainaren hasieran bideragarritasun-plan baten zirriborroa aurkeztuko du". Momentuz ordea, "ez da inbertsorerik aurkitu". Eta ez da izan langileak ahalegindu ez direlako. Langileen Batzordeko ELA sindikatuko 4 kide eta LABeko ordezkari bat Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean aritu dira, "Aldundiak proiektuak esku har dezan, eta inbertsoreak erakartzeko". Baina aipaturikoa;  momentuz ez dute inbertsorerik aurkitu.

Konfiantza galdu dute enpresa taldeko zuzendaritzarengan. Taldeko Zuzendaritzaren "kudeaketa txarra" salatu dute, "aktibo zirkulatzailearen kutxa hutsik utzi dute eta". Honez gain, 2014an langileek soldataren zati bat uztea adostu zen materiala erosteko. Diru hori aurten berreskuratu behar zuten, "baina ez dakigu nora joan den". Honaino heldu dira; astelehenetik aurrera, enpleguaren alde, lantegiak zabalik eta martxan segi dezala eskatzeko greba mugagabeari ekitea erabaki dute.

Deslokalizazioaren bidean

Azken 7 urteotan, Zuzendaritza lan taldea murrizten, lantegia deskapitalizatzen eta ekoizpena deslokalizatzeko ahaleginean aritu dela salatu du Ingemarreko langileen batzordeak. Pentsa, zazpi urteren buruan 100 langile galdu ditu Usurbilgo plantak. Bizi izan dituzten gertaeron bidez azaldu dute gaur goizean, lantegiak urteotan bizi izan duen gainbehera:

2009: 175 langile inguru zituen Ingemarrek Usurbilen. Lan taldeko %9,99a, 20 lagun kaleratu zituzten urte hartan, EEE bat saihesteko.

2014/6: hitzartu zuten akordio baten arabera, "plantillak soldataren zati bat utzi zuen, materiala erosteko eta ganoraz ekoitzi ahal izateko". Utzitako dirua aurten jaso behar zuten arren, ez dakite diru hori non dagoen.

2015/11: Ingemar Taldeko administratzaile bakarraren plan baten berri izan zuten langileek. Plan horren helburua Usurbilgo lantegia ixtea zen. Plan honen berri izatean, "bilerak egin ziren taldeko Zuzendaritzarekin, eta dena ukatu zuten, handik aurrera proiektu hura desagertu zen".

2016 urte hasieran: iaz eginiko bideragarritasun plan baten arabera, "taldea hemendik 6 hilabetera zenbaki positibotan egon daiteke, eta 2 urte barru oraingo fakturazioa bikoiztu dezake".

Gaur egun: 74 langile ditu Usurbilgo lantegiak, azken urteotan 20 langile kaleratu, kontratuak eteteko 2 EEE, eta beste 30 langile kaleratzeko EEE baten ostean.