Ingemar ixtearen aurka agertzeaz gain, "grebara doazen langileei, elkartasuna eta gure esku dagoena egiteko konpromisoa" adierazi die Usurbilgo Udalaren izenean, Xabier Arregi alkateak, astelehenean greba mugagabea abiatzea erabaki duten Ingemarreko langileei. Udal web orrialdean, usurbil.eus atarian argitaratu duen idatzian, lan gatazka hau bideratzeko egin diren negoziazioetan, Udalak, Aldundiak eta langileek defendatu dituzten baldintzak betetzeko aukerak egon badaudela dio Arregik, "baina konpromisoa eta plan serioa behar da horiek martxan jartzeko". Honatx alkatearen idatzia bere osotasunean:
Ingemar ez itxi
Ingemar Taldeko Usurbilgo plantak okerrera egin du azken urteetan, kinka larrian geratzeraino. 2009an berregituraketak hasi zirenetik, Galiziako zuzendaritza-taldeak ez du proposamen sendo eta eraginkorrik aktibatu, eta Usurbilgo plantak ez du aurrera egin.
Panorama beltz honetan, langileek pairatu behar izan dituzte egoera larriaren ondorioak, zinez latzak eta mingarriak.
Azken hilabeteetako ahaleginean ez da lortu inbertsore fidagarririk. Saiakerak egin dira, baina alferrik, orain arte. Langileek, diputazioak eta udalak hiru baldintza jarri dituzte negoziazioetan:
1. Bideragarritasun-plan sendoa adostu behar da, eta horren araberako inbertsio-plana.
2. Usurbilgo planta ezin da itxi bestelako interes arrotzen mesedetan.
3. Langileen baldintzak eta eskubideak errespetatu egin behar dira.
Aukerak badaude, baina konpromisoa eta plan serioa behar da horiek martxan jartzeko.
Langileek behin eta berriz erakutsi dute borondate ona eta jarrera positiboa. Baina azken muturrera iritsi diren honetan, grebarako asmoa azaldu dute ezinbestean. Bihoakie gure elkartasuna, animoa eta laguntzeko prestasuna.
Xabier Arregi