Sortzaile gazteen txokoa dugu egunotan Sutegi. Joseba Larratxe marrazkilariak azken hilabeteotan Potxoenean bideratu duen komikigintza tailerreko kideen lanketa ikusgai duzue ekainaren 5era arte, kultur etxeko aretoan. Hamabost gaztetxo sortzaileek landu dituzten komikien laginak eta lanon bidez, gazteok duten aparteko irudimena ezagutzeko aukera izango dugu. Ostegun honetan egin dute erakusketaren irekiera. Bertan ziren sortzaile gazteak, pozik asko, euren lanketa areto batean ikusita. Hitz Aho Udarregi Ikastolako Guraso Elkarteak antolaturiko tailerreko bideratzaileak, Larratxek alegia, egin duten lanketa prozesuaren nondik norakoak azaldu dizkie bertaratu diren herritarrei.
Sutegin ikusgai dagoena aipatu gazte taldeak sortutako komikien lagin bat baino ez da. Hasitako lanari segida ematera gonbidatu ditu Larratxek, artista gazteak. Hasi duten lana borobiltzera, sortu dituzten istorioak amaitzera animatu ditu. Komikilari berri hauen sortze lanak ikusteko Sutegiko aretora joan, igandea baino lehen:
Igandera arte zabalik
Epea: ekainak 5era arte.
Tokia: Sutegiko erakustaretoa.
Ordutegia: ostiralean, 17:30-19:30; larunbat eta igandean, 12:30-14:00.
Antolatzailea: Hitz Aho, Udarregi Ikastolako Guraso Elkartea.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.