Ingemarretik abiatu da, prekarietatearen aurkako kotxe karabana

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 3a, 17:09

Prekarietatearen aurka, lana eta aberastasuna banatzearen aldeko kotxe karabana deitua zuen ostiral goiz honetarako LAB sindikatuak. Eskualde ezberdinetatik zutabeak abiatzekoak ziren. Buruntzaldekoak, kinka larrian diren bi lantegi lotu nahi izan ditu; Usurbilgo Ingemar eta Adunako Unipapel. Atallutik abiatu duten protesta ekimenaren bidez 1.200 euroko soldata eta 35 orduko lan astea izatea eskatu nahi izan dute. Diru-gosearen aurrean, langileen osasunaren defentsan irten dira LAB-eko kideak errepidera.

Goizeko 10:00ak pasatxoan abiatu da kotxe karabana Atallutik. Ingemar aurreko biribilgunean zenbait itzuli egin dituzte. "Ingemarreko langileak bizirik!" eta "Ingemarreko zuzendaritza gezurra gezurraren gainean" dioela salatzeko langileek eseki dituzten pankarten ondotik igaro dira. Aipatu lantegiko langileei elkartasuna adierazi diete. Gogoan izan, astelehenetik aurrera greba mugagabean izango direla. Agerraldi bidez iragarri zuten atzo. Kotxe karabana hau hain zuzen, Ingemar eta Unipapel ixtearen aurkako ekimena ere izan da. Ingemarretik Usurbil erdigunera jo dute. Eta handik, eskualde osoa zeharkatzekoak ziren. Helmuga, egoera zaila bizi duen Adunako lantegian kokatua zuten.

Prekarietatea salatu eta lana eta aberastasuna banatzea eskatzeko mobilizazio eta protesta ekimen ezberdinak egin ditu LAB sindikatuak aste osoan. Buruntzaldean, ostiral honetan borobilduko du protesta astea. Manifestazioa deitu dute Lasarte-Orian, gaur 19:30etan. Okendo plazatik abiatuko da.