Asteburuan ere Gipuzkoa Zutik, ekimen mordoarekin

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 4a, 07:08

Lehen asteburuari begira da jada Gipuzkoa Zutik ekimena. Azken asanbladetan egunotarako hitzorduen egitaraua josten aritu dira. Egun osoz iragarri dituzte ekimenak. Larunbateko egitaraua segidan duzue. Herritarrei, kanping dendak hartuta Gipuzkoa plazara joateko deia egiten diete; "Bizitzaren alde gaudelako, etorri asteburupasa Gipuzkoa plazara!! Egitarau oparoa izango dugu!! Ekarri kanpingak, bizipoza eta gauzak egiteko gogoa!! Zabaldu!!". Deialdiarekin bat egin dutenen artean dira hainbat guraso. Asanblada deitu zuten ostiralerako. Argiak berri eman duenez, "hauxe da zabaldu duten mezua, espiritua azalduz:

Umeekin parte hartuko dugu Gipuzkoa Zutik!-en, asteburuan hasita. Ostiral arratsaldetik aurrera, hainbat gurasok adierazi dute umeekin parte hartuko dutela kanpaldian. Umeentzat ere oso esperientzia aberasgarria izan daitekeelako, eta eguneroko bizitzatik ikasten delako. Gainera, erraustegiaren ondorioak gehien jasango dituztenak izango dira, eta eguneroko errealitatearen berri izan eta hausnartzeko adin guztiak dira egokiak. Politikariek, herritar guztiak infantilak bagina bezala tratatzen gaituzten garaian, txikitatik kritikotasunean eta erabakiak hartzen hezi nahi ditugu, kolektiboki. Gipuzkoa Zutik! mugimenduak eguneroko elkarbizitzan darabiltzan oinarriekin funtzionatu nahi dugu: auzolanean, arauak denon artean adostuz, egingo ditugun ekintzak geuk antolatuz, elikadura zaintza eta gainerakoak kolektiboki bermatuz…

Ostiralean 17:00etan egingo dugu haur eta gurasoen asanblada, asteburua elkarrekin gustura pasatzeko. Estatuko lekurik garestienean, hondartza ondoan, guk nahi dugun bezala bizitzeko aukera! Hauek bai udalekuak!".

Ekainak 4, larunbata

11:00 Artisau azoka.

12:00 Alternatiben Herria esperientziaz hitzaldia.

13:00 Asanblada.

14:30 Bazkari herrikoia. Janaria norberak eramatea gomendatzen da. Bertan aukera beganoa egongo da.

15:00 Mikrofono irekia.

17:00 Herria Dantzan.

18:00 Mani Freestyle: Kalejira eta kontzertuak. Bakoitzak nahi duen ekimena egiteko aukera egongo da.