Gertu Usurbil, txartel berria erabilgarri

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 4a, 08:50

Hainbat udal zerbitzuetarako sarbidea, Hurbilago Elkarteko establezimenduetan erosketak ordaindu, dirua atera edota deskontuak aplikatu eta zozketetan sariak irabazteko aukera emango duen tresna. Hori eta gehiago da, eskaera orain eginda, egun gutxi barru eskuratu ahalko duzuen Gertu Usurbil, Hurbilago Elkartea, Usurbilgo Udala eta Rural Kutxaren arteko elkarlanez sortu den VISA txartel berria.

Hurbilago Elkarteko bazkide zaretenontzat, orain arte zenuten txartela ordezkatzera dator. Lehengo txartela ekaina amaieran desaktibatuko da. Honenbestez, hilabeteko tartea duzue txartel berriko tramitazioa egin eta zaharraz desegiteko.

Tramitazioa erraza da. Hurbilago Elkarteko bazkideek etxean jasoko duzue txartel berria eskatzeko orria datuekin beteta. Nortasun agiriko fotokopiarekin gerturatu, egitasmo hau sustatu duten Usurbilgo Udal zerbitzuetara, Hurbilago Elkarteko establezimenduren batera edota Rural Kutxako bulegora. Aipaturiko dokumentazioa aurkeztuta, egun gutxira jasoko duzue Gertu Usurbil txartel berria. Bazkide ez zaretenok gauza bera egin; eskaera orria bete eta nortasun agiriaren kopiarekin batera, gerturatu aipatu guneotako batera.

Usurbil nahiz mundu osorako

Txartel berria betirako doakoa izango da. Rural Kutxan aktibatu beharko den arren, horrek ez du inor kontu zenbaki bat bertan zabaltzera behartuko. Edozein banketxeetan helbideratu ahalko da eta ohiko VISA txartelen modura, mundu osoan erosketak ordaindu, edota kutxazainetatik dirua ateratzeko balioko du. Halere, egitasmo honetako sustatzaileek txartel berria aurkezteko duela gutxi Potxoenean egin zuten aurkezpen ekitaldian azaldu dutenez, helburu nagusia txartela Usurbilen baliatzea da; Usurbilgo saltoki eta udal zerbitzuetan.

Hurbilago Elkarteko kide diren establezimenduetan eginiko erosketak ordaintzeko baliatu ahalko dugu txartela. Baita elkarteak abiatuko dituen kanpainetan, deskontu, zozketa eta bestelako onurak izateko. Honez gain, giltza funtzioa ere beteko du Gertu Usurbil Txartelak. Udal zerbitzuotarako sarbiderako identifikaziorako balioko du; Oiardo Kiroldegirako, Sutegi udal liburutegirako, Potxoenea kultur gunerako, baita hondakinen larrialdi gunerako, Garbigunerako ere. “Gerora ez da baztertzen txartel bera beste zenbait udal zerbitzu eraikinetarako sarbidea izatea”, Xabier Arregi Usurbilgo Udaleko alkateak aurkezpen ekitaldian adierazi zuenez.

Herri izaeraduna

“Herri izaera duen txartela izango da. Usurbildarrok gure herriarekin identifikatuko gaituen txartel bat”, adierazi zuten aurkezpen ekitaldian. Irudian ere antzematen da. Usurbildarron eskutik, etorkizunean mundu osoan ezagun egingo dugun txartelak, Dema plazako lurzoruko harrien irudia darama. Iaz, parte hartze prozesu baten baitan hautatua izan zena; Maialen Garagarza eta Joseba Larratxe herritarrena.

“Gertu Txartelak ekarpen handi bat egingo dio herri honen bizitza sozioekonomikoari orokorrean”, adierazi zuen alkateak. Usurbildarrak usurbildarrago, eta Usurbil Usurbilago egingo omen du txartel berriak bere esanetan. Herri txartelarekin herrian bertan erosketak egiteko aukera areagotuko da. Ildo horretatik, Hurbilago Elkartetik, egun bazkide ez dituen establezimendu guztiak sare honetan integratzeko ahalegina egin asmo duela adierazi zuen Igor Gorritik, “sare hau zabaltzen joateko”.

Herritarrei txartela eskuratzeko deia luzatzen diete: “Animatu herritar guztiak txartel hori eskuratu eta erabili dezaten bertako udal azpiegitura eta komertzioetan”.

Txartela orain eskuratzen duzuenok, Hurbilago Elkarteko establezimenduetan %10era arteko deskontuak aplikatuko zaizkizue ekainean. Eta Gertu Txartela aktibatzen duten lehen mila bezerok opari bana jasoko dute Rural Kutxan.